Sasietako 'Kalitatezko konposta zuri esker' kanpaina gaur amaitzen da

GALILEAALTO UROLA.

Sasieta mankomunitateak 'Kalitatezko konposta zuri esker' lelopean kontzientziazio kanpaina berri bati ekin zion ekinaren 3an eta gaur amaitzen da, kosposta eskuratzeko azken herria Legazpi izango delarik.

Mankomunitateko hamalau udalerritan kokatu izan da karpa kanpaina honetan. Bertan Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta bizilagunei doan banatu eta informazioa ere eman zaielarik.

Gure bailarari dagokionez, karpa hau Zumarraga eta Urretxun egon izan da dagoeneko eta atzo bezala gaur ere Legazpin izango da arratsaldean, kanpainari amaiera emanez.Legazpiko kale nagusian, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara konposta doan eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnak.

Euren etxebizitzetan egunero hondakinak txukun bereizten dituzten pertsona guztiei eskerrak emateko modua dela adierazten dute Sasietatik. «Lan isil horrek mankomunitatean batez beste %76ko gaikako bilketako indizea lortzera eraman gaitu. Indize hau oso altua da, Gipuzkoak 2019-2030 Hondakin planean 2030 urterako onartu berri duen %70eko birziklatze helburua gainditzen du», diote.

Etorkizuna

Etorkizunari begira bi erronka handi ditu mankomunitateak: %80ko gaikako bilketako indizea lortzea; eta bildutako materialaren kalitatea hobetzea.

Bildutako materia organikoaren kalitatea oso garrantzitsua da zirkulua ixteko (berdin ontzi arinen, paperaren eta kartoiaren kasuan ere) eta hauxe da ekonomia zirkularraren erronka handiena. Bildutako materialaren kalitatea da zirkularidadearen giltzarria.

Gipuzkoan 'Gipuzkoako konposta©' izeneko markarekin egiten den konposta kalitate mailarik altuena du: 'A' motatako konposta da. «Baina kalitate hori lortzeko material desegokien mailak ezin du %5a gainditu», adierazten dute Sasietatik.

Hori dela eta, konposta oparitzeaz gain karpan bi hezitzaile egoten dira informazioa eman eta edozein zalantza argitzeko. honetan ere, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren bideo didaktikoa ikusi daiteke, konposta fabrikatzeko prozesua eta konpostaren erabilera ezberdinak azaltzen dituena: mahastietan, futbol- eta golf-zelaietan, baratza eta lorategietan, basoen berreskurapenean eta abar.