Sagarretik ozpinerako prozesua ezagutzen eta dastatzen Igartubeitin

Adituak. Jakoba Errekondo, Dani Lasa eta Llorenz saukaldariak aurrera eraman zuten tailerra igandean. /  IGARTUBEITI
Adituak. Jakoba Errekondo, Dani Lasa eta Llorenz saukaldariak aurrera eraman zuten tailerra igandean. / IGARTUBEITI

Sagardo ozpinarekin egindako produktu desberdin ugari probatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek

MIRYAM GALILEA EZKIO.

'Sagarretik sagardora. Sagardotik ozpinera' dastaketa lantegia ospatu zen Igartubeitiko Interpretazio zentruan igandean, honetan hamabost lagunek inguruk parte hartu zutelarik. Sagarretik ozpinerako prozesua zein den jakin eta honen erabilera anitzak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Igartubeiti Baserri Museoak antolatutako eta Jakoba Errekondok, Dani Lasa eta Llorenz sukaldariak eskainitako dastaketa lantegian, sagarretik sagardora eta sagardotik ozpinerako prozesua ezagutzeko aukera izan zuten igandean.

Jakoba Errekondok sagar mota ezberdinen azalpenak eskaini ondoren, muztioa, sagardoa eta ozpina nola egiten den azaldu zuen, parte hartzaileek dastaketa burutzen zuten bitartean. Esate baterako, albaka eta beste zenbait ozpin mota ere dastatzeko aukera egon zen.

Ondoren, Dani Lasak eta Llorenz sukaldari katalanak sagardo ozpinarekin egindako saltsa, entsaladetarako alinoak, eskabetxe eta enkurtido errezetak dastatzera eman zizkieten, kardua, orburuak, txerri buztana, onddoak, antxoak, lupia eta beste batzuekin batera.

«Amaitzeko postreak ere probatu genituen, mertxika, fruitu gorri mermelada eta abar. Errezeta guztiak sagardoarekin egindako ozpinaz eginak, benetan goxoak, guztiak!», azaltzen dute Igartubeiti museotik.

Hurrengo hitzorduak

'Sagarretik sagardora. Sagardotik ozpinera' dastaketa lantegia hilabete honetan aurrera eraman behar den azken tailerra izan zen. Abenduari begira momentuz tailer bakarra dago agendan, hau hilaren 15ean. larunbata arratsaldean aurrera eramango delarik.

Orduan sei eta hamabi urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzenduko da, arratsaldeko 16:30etan hasiz eta bi orduko iraupena izango duelarik. «Baserria eta itsasoa, zer da?» izango da honen izenburua eta honetan asmakizunekin jolasteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Tailer honetan izena emateko edo bestelako informazioa jaso ahal izateko Igartubeitiko 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.

Igartubeitiko ordutegia ondorengoa da: asteartetik larunbatera eta jai egunetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean, eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak arte egongo da zabalik.Igandetan berriz goizez bakarrik egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00ak bitartean.

 

Fotos

Vídeos