Sagardo Astearen XVIII. edizioa gaur jarriko da abian Igartubeitin

Kirikoketa. Aurten kirikoketa ikastaroan parte hartutako ikasleak arduratuko dira. / GALILEA
Kirikoketa. Aurten kirikoketa ikastaroan parte hartutako ikasleak arduratuko dira. / GALILEA

Sagardo Astea hilaren 18ra arte egingo da eta ekintza ugari burutuko dira

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Anitzak dira Igartubeiti Baserri Museoak urtean zehar egiten dituen ekintzak eta hauetako bat berezia izaten da, baserrirako garrantzitsuena alegia. Sagardo Astea da hain zuzen urteko ekintzarik inportanteena eta honen XVIII. edizioa gaur bertan jarriko da martxan, hamar egunetan zehar sagarraren natur zikloa balioan ipini eta jarduerez osatutako programa, antzezpenak, kirikoketa erakustaldiak, inguruko jatetxeetan dastaketak eta erakusketak aurrera eramango direlarik.

Hitzordu honetan, bisitariek duela mendeetako jarduera honen lekuko izaten dira, dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusiz. Aurtengo edizioan, Igartubeitik Sagardo Astea jasangarritasun eredu izateko apustua egin du. «Igartubeiti bertako komunitatearen, Ezkioko eta Urola Garaia eskualdeko partaide eraginkorra da, kultur arloko eta ingurune sozialaren dinamizazio eragilea da. Testuinguru honetan, landa ingurunea jarduera honen ardatz nagusia dela kontutan izanik, bertako baserritarrengana hurbildu eta Igartubeitin joko den sagar guztia Ezkiokoa izatea lortu dugu, zati bat Igartubeitiko sagarrondoetatik eta beste bat zenbait baserritarrena», azaldu du Kizkitza Ugarteburuk, Igartubeiti baserri museoko arduradunak.

Sagar jotzeak

Sagardo Asteko ekintzek gaur hartuko dute martxa, baina asteburuan pilatuko dira ekintza berezi gehienak. Astean zehar -aste honetan eta datorrenean-, sagar jotzeak egunero izango dira goizez, 11:30etik aurrera. Asteburuan, larunbata eta igandean, sagar jotze bakarra burutuko da 12:00etan. Eta lehenago, Kirikoketa ikustaldia burutuko da.

Urriak 12 eta 13ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. Aurten, lehen aldiz, 'sagar joaleak', Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, Euskal Herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira.

Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Asteburuan, 11:30etik aurrera, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzeztuko du.

Egun hauetan, sagarra jardueretako protagonista izango da. Alde batetik, SagarArte ireki berri den aldi baterako erakusketa ikusteko aukera izago da. «Erakusketa hau, kultur ondarea praktika artistiko garaikideekin uztartzen duen museoaren lan ildoan txertatzen da, oraingo honetan sagarraren bitartez», azaldu du Ugarteburuk. Erakusketa abenduak 29a arte izango da ikusgai.

Gainera, erakusketa hau dinamizatzeko asmoz, dastaketak antolatu dira urriak 18an eta azaroak 15ean, Ezkioko baserriaren inguruko jatetxeetan, bisitariek berriro ere arte lanez gozatzeko, oraingoan gastronomiaren bitartez.

Museo irisgarria

Era berean, baserri museoak erabaki du bisitariak kotxez ez igotzea pilaketak ekiditeko. Horrela, asteburu honetan (urriak 12 eta 13an) doako autobus zerbitzua eskainiko da 10:00etatik 14:30etara, Santa Lutziko industriagunetik. Ezingo da baserrira kotxean igo.

«Ekimen hau jasangarritasun eta irisgarritasun plangintza zabalago baten parte da. Baserri Museoa pertsona guztiei irekitzea nahi dugu, beraien ahalmenak alde batera utzita», adierazi du museoko arduradunak. Hori dela eta, eragozpen fisikoak kendu dira, mugikortasun murritza duten pertsonak ekimen honetaz modu autonomoan goza ahal izateko.

Ekimen hau aurten burututako zenbait ekintzetan gauzatu da: baserri inguruko aldeak beheratu, gurpildun aulkiekin ibili ahal izateko bidexka, baserri barneko zirkulazioa hobetzeko arrapala irisgarriak eta mugikortasun urritasuna duten pertsonak dolarera sartu ahal izateko atzeko bidea hobetzea.