Porruak izango du garrantzia baratzean hemendik aurrera

Igartubeiti. Uda amaitu eta udazkenarekin batera aldaketak etorriko dira. / GALILEA
Igartubeiti. Uda amaitu eta udazkenarekin batera aldaketak etorriko dira. / GALILEA

Larunbat arratsaldean 6-12 urte bitarteko haurrentzat interpretazio lantegi bat egingo da Igartubeitin

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Uda amaitu eta udazkenari hasiera emango diogu hilabete honetan, hau guztiak baratzea eta inguruetan ere zer esana izango duelarik. Etortzen diren aldaketak eta baratzea nola zaindu behar den ezagutu dezagun, honen inguruko aholkuak luzatzen dizkigute oraingoan ere Igartubeiti Baserri Museotik.

Herri jakinduriaren arabera, iraila iratzearen hilabetea dela esaten da; iratzea, garoa izendatzeko beste izen bat da. «Irailean garoak garrantzia handia izan du historian zehar, udazkenerako eta negurako ezinbesteko konpainia izan baita baserritarrentzat. Garoak baserrietan izan duen garrantziaren adierazle da Txomin Agirre idazleak 1912 urtean argitaratu zuen Garoa izeneko eleberri ospetsua», azaltzen dute baserri museotik.

Hilabete honetan, udarako azken uztak jaso ondoren, udazken eta neguko landaketekin hasi behar dela gogoratzen dute baserritik: aza, azalorea, porrua, borraja, kardua, zerba, brokolia, eskarola... «Igartubeitiko baratzean, udazkena datorrela sumaturik azak landatu ditugu. Aza, lur hauetan oso ongi hazten da, eta neguko garai txarrenetan oso jaki estimatua izan da», diote. Landaketari dagokionean, ez zaio lur irauli berria gustatzen ezta azidoa ere, hori dela eta karea botatako eta egonkortutako lurrean landatzea komeni dela azaltzen dute baserrikoek. «Kontutan hartu, azak tximeletak eta euliak erakartzen dituela, eta horregatik, ondoan erromeroa, kamamila, salbia edota ezkaia landatzea ez zaigula gaizki etorriko».

Porruak, sasoi honetatik aurrera ezinbesteko garrantzia izango du baratzean. Izan ere, neguko hotza eta izotza hobekien jasaten dituen barazkia da. Lur freskoa eta ur asko behar du ongi hazteko honek eta Igartubeitiko baratzean, loratuta zeuden porruak atera eta lehortzen jarri dituzte, haziak eskuratu ahal izateko. Aldi berean, porru gehiago landatu dituzte.

Iraila erditik aurrera, gure ingurunea udazken kutsua hartzen hasiko da, eta ongi begiratuz gero, jada antzemango dugu udazkena datorrenaren arrastorik (garoa, korostia, intxaurrak, urrak, hego haizea...)

Baserritarrek meta edo zuhatzetan pilatzen zuten garoa lehortzeko, ondoren, ukuiluetan zabalduz. Ukuiluan erabilitako garoa, ondoren baratzerako ongarri bezala erabiltzen zen, landare honek magnesio ugari duenez lurra mineral honekin ornitzen zen. Igartubeiti parean meta ikusi dezakegu.

Lantegia

Igartubeiti dantzan! erakusketa iraila amaiera arte izango dugu ikusgai Igartubeiti Baserri Museoan eta ordurarte honen inguruko ekintzak aurrera doaz, hurrengoa larunbatean arratsaldean aurrera eramango delarik.

Oraingoan familiei zuzendutako tailerrarekin datoz, arratsaldeko 16:30etan hasi eta bi orduko iraupena izango duena. Interpretazio lantegi hau 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa izango da. «Ikusgai dugun Igartubeiti dantzan! erakusketa oinarri harturik, geure naturaren ziklo propioa interpretatuko dugu», diote baserritik.

Honen prezioa 3 eurokoa izango da, beti ere Familia Txartelarekin deskontuak egingo direlarik. Gogoratzen da parte hartze kopurua mugatua dela beraz tailerrera joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute 943 72 29 78 zenbakira deituz edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatziz.