Pilota Eskolako jaiarekin hasiko dute gaztetxoek urtea

Taldea. Urrian martxa hartu zuen herriko pilota eskolak, hamalau partaide dituelarik. /  M. GALILEA
Taldea. Urrian martxa hartu zuen herriko pilota eskolak, hamalau partaide dituelarik. / M. GALILEA

Goizeko 11:00etan elkartuko dira gaur, kamiseta berriak soinean entrenamendua egin eta jaia prestatzeko

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ostiraletan arratsaldeko 17:00etan elkartzen dira astero pilota eskolako gaztetxoak. Urrian hasi ziren klaseak eta handik geroztik pozik elkartzen dira Ezkioko frontoian pilotan aritzeko herriko hamalau haur eta gaztetxoek.

Herriko pilota eskolako kamiseta berriak iritsi dira dagoeneko eta gaur goizean hauek estreinatuko dituzte, goizeko 11:00etan aurrera eramango den entrenamenduan. Gainera, 2019. urtea Pilota eskolako jaiarekin hasiko dute eta hau prestatzeko ere aprobetxatuko dute gaurko eguna.

Urtarrilaren 5ean goizeko 10:00etan hasiko da Ezkioko Pilota Eskolako jaia herrian. Herriko pilotalekuan elkartu eta 5-8 urteko haurren partidak egongo dira, helduak bikote dituztela; bestalde, 10-14 urtekoen banaka eta binakako txapelketak ere izango dira.