Peoi lanposturako deialdia luzatu du Udalak

Postura hautatu nahi dutenek abuztuaren 23a izango dute izena emateko azken eguna

MYRIAM GALILEAEZKIO.

Herriko Udalak peoi lanposturako deialdia luzatu du, hainbat zereginetan udal aguazilaren laguntzailea izateko, eta honetarako hautatzeko izena emateko epea zabalik dago dagoeneko.

Postu honetara hautatzeko baldintza desberdinak bete behar dira: adinez nagusia izatea; Ezkioko udal biztanleen erroldan erroldatuta egotea; euskaraz hitz egiten jakitea; B-1 motako gidatzeko karneta edukitzea; antzeko lanetan esperientzia edukitzea; langabezian egotea; eta herriko Udalarekin inongo zorrik ez izatea.

Baldintza hauek betez gero, izena ematen duten hautagaiak baloratzeko ondorengo irizpideak kontutan hartuko dira: hautagai bakoitzarekin elkarrizketa egingo da; lan esperientzia baloratzeko proba praktikoa egingo da; egoera pertsonala eta familiarra baloratuko da; eta azkenik, lehentasuna izango dute azken bi urtetan lan egin ez dutenek. Beraz, peoi lanpostu honetara hautatu nahi duten guztiek izena emateko aukera dute dagoeneko eta honetarako Ezkioko Udaletxera joan daitezke, bulego lanorduetan. Izena emateko azken eguna abuztuaren 23a izango da, ostiralean.