San Pedro festak datorren ostiralean hasiko dira

Festak. Haurrentzako jolasekin hasiko dira. /  GALILEA
Festak. Haurrentzako jolasekin hasiko dira. / GALILEA

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Hilaren 28an eta 29an ospatuko dira aurten Santa Lutziko San Pedro jaiak. Ostiralean arratsaldeko 16:30etan hartuko dute ekintzek martxa, haurrei zuzendutako jolasak hasiko direlarik plazan eta bi egun hauetan zehar adin guztientzako akintzak aurrera eramango dira auzoan. Horrela, ostiralean haurren jolasak amaitu eta jarraian, 18:30etan auzoko tabernetatik pintxo pote musikatua egingo da, arratsaldeko azken orduan txapelketen hasiera izango delarik: futbolina eta musa.

Azken urtetan arrakastaz aurrera eraman den futbolin txapelketa ere izango dugu aurten arratsaldeko 20:00etatik aurrera Anduaga Etxean; eta 21:30etan Mus txapelketari emango zaio hasiera.

Gauean festarekin jarraitu nahi dutenek, afaltzeko ogitartekoak erosteko aukera izango dute, Ganbara Guraso Elkartearen esku, eta 23:00etan Mugi Panderoa taldearen kontzertua eskainiko da, lehenengo eguna borobilduz.

San Pedro Eguna

Larunbatean egun handia ospatuko dute ezkiotarrek. Goizeko 11:00etan meza Nagusia aurrera eramango da elizan, honetan Ezkio eta Itsasoko Izazpe abesbatzaren emanaldia faltako ez delarik. Jarraian Gabiriako Goruntz dantza taldekoen saioa eskainiko da plazan eta dantza bukatzerakoan, ohitura den bezala, luntx herrikoia aurrera eramango da karpan.

Bazkaltzen amaitu eta arratsaldeko 17:30etan martxa hartuko dute ekintzek berriro ere, orduan puzgarriak eta futbolin txapelketaren finala izango ditugularik. Jarraian, Ezkioko festatan aurrera eraman zen bezala, Herri Kirol desafioa izango da. Amaitzerakoan, Toka Txapelketa ospatuko da Santa Lutzian.

Eta bai eguna borobiltzeko eta baita auzoko jaiak behar bezala amaitzeko ere, larunbatean Herri afaria izango da Santa Lutziko plazan. Honetan parte hartzeko tiketak aldez aurretik erosi beharko dira Udaletxean, eta izena emateko azken eguna astelehena izango da. Afariaren prezioa 23 eurokoa izango da helduentzat, eta haurrek 12.

Iñaki eta Elorza trikitilariak izango dira afal ondoren; eta goizaldean, bingo eta txokolatea ere ez dira faltako aurtengo jaiei agur esateko.