Ostiralean hartuko dute martxa San Migel jaiek

Herri bazkaria larunbatean egingo da. / GALILEA
Herri bazkaria larunbatean egingo da. / GALILEA

Haur, gazte eta helduei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira aurtengo festatan, kirolak nagusi

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Minutuak zenbatzen ari dira herritarrak dagoeneko, ostirala noiz helduko den zai, egun horretan aurtengo Ezkioko San Migel jaiak hasiko baitira, eta oraingoan lau egunetan zehar ekintzez jositako egitarauarekin datoz.

Goxua Pilota Txapelketaren finala izango dugu maiatzaren 3an, honek jai egitaraua zabalduko duelarik, eta jarraian, arratsaldeko 19:00etan, Mieltxo eta Mieltxaren agurra izango da, San Migeleko kanpaidorretik herriguneraino jaitsiko direlarik. Ondoren Toka Txapelketa; eta eguna borobiltzeko gaueko 22:00etan musean arituko dira Argindegi ostatuan, honetan izena emateko ordu erdi lehenago bertaratuko beharko delarik.

Asteburua

Larunbatean aurrera egingo du egitarauak, eguerdian Joxe Ugartebururi omenaldia eta herri kirol jaia izango ditugularik: Arria II, Joxe Aierbe, Mikel Mindegia, Anjel Arrospide, Javier Aranberri eta Ugaitz Mugerza aizkoran izango dira; eta Jon Goenatxo harrijasotzen ere izango dugu, besteak beste. Ondoren, Herri Bazkaria ospatuko da, honetan parte hartzeko izena emateko epea atzo amaitu zelarik.

Arratsaldeko 16:00etan umeentzako herri kirolak izango dira, pony eta xexenak ere faltako ez direlarik. Eta gaueko 22:00etatik aurrera, su artifizialak eta Elorza eta konpainia trikitilariak izango ditugu, giroa alaitzeko.

Igandean, umeen lasterketa goizeko 11:00etan eta jarraian Izazpiko IV. igoera izango dira; eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera desafio herrikoia hasiko da, ondoren Barrikotea ospatuko delarik. Giroa alaitzeko Batukada egongo da herrian.

Maiatzaren 8a, asteazkena, izango da jaietako azken eguna, San Migel eguna ospatuko delarik. Goizean meza nagusia ospatuko da 12:00etan San Migel parrokian eta jarraian luntxa eskainiko da Argindegi ostatuan.

Arratsaldeko 17:00etatik aurrera haurrentzako jolasak egingo dira pilotaleku eta herrigunean, eta trikiti eta bertsolariek alaituko dute giroa. Amaitzeko, arratsaldeko 19:00etan hasiko den txokolatadak itxiera emango die aurtengo San Migel jaiei.