Ondarearen Europako Jardunaldien barne bi ikastaro daude Igartubeitin

Jardunaldia. Igandean goizean 'Karelia' tailerra eskainiko da eta arratsaldean 'Artantxuriketan' ikuskizuna izango dugu. / IGARTUBEITI
Jardunaldia. Igandean goizean 'Karelia' tailerra eskainiko da eta arratsaldean 'Artantxuriketan' ikuskizuna izango dugu. / IGARTUBEITI

Guztira lau ekintza aurrera eramango dira azaroan, batzuk helduei eta beste batzuk familiei zuzendutakoak

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Azaroa hastearekin batera Igartubeitin hilabete honetan zehar aurrera eramango diren tailerren berri izan da, guztira adin desberdinetara egokitutako lau ekintza ospatuko direlarik.

Lehenengoak igande honetan aurrera eramango dira, bata goizean eta bestea arratsaldean, biak Ondarearen Europako Jardunaldien barne antolatu den egunaren barruan: 'Karelia' eta 'Artantxuriketan'.

'Karelia' artisau ehundura lantegia izango da lehenengoa, hau goizeko 11:00etan hasi eta hiru orduko iraupena izango duelarik. Tailer rean bai helduek eta baita haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Ikastaro praktiko honetan, Tytti Thusberge-k 'Karelia' bere azken bilduman erabilitako teknika erakutsiko du; ehundura lantegi bat izango da hain zuzen ere. «Teknika hau material berri birziklatu batez egina dago erabat, arrantza-sareen hondakinez, pet post-kontsumo eta latxa ardien ilea elkartuz, jatorrian hondakinak izandako lehengaiei erabilpen berria eskainiz. Jantzietarako zein osagarrietarako erabili daitekeen 'Faux fur', 'larru artifizial' antzeko ehundura sortuko dute parte har-tzaileak puntadaz puntada», Igartubeititik.

Lantegi honen prezioa 10 eurokoa izango da helduentzat eta 5 eurokoa haurrentzat eta izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, honetarako 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu beharko delarik.

Bazkaldu ondoren

'Karelia' lantegia amaitu eta 14:00etan bazkaria izango da Igartubeitin: 10 euro ordainduko dituzte helduek eta 5 euro haurrek; jarraian, arratsaldeko 16:00etatik aurrera 'Artantxuriketan' ikuskizuna izango da.

Ikuskizun hau landa inguruneko euskarazko kantu eta kontakizun saioa da, Ansa Ahizpak eta Ama-ren eskutik. «Ansa Ahizpak eta Ama, Maria Jesus Zugarramurdik eta bere hiru alabek, Arantxa, Ainhoa eta Maiderrek osatzen duten taldeak ikuskizun honetan, baserriko arratsalde bat antzeztuko dute; familia eta auzokoak elkartu eta solasaldi bizia sortzen dute elkarrekin, artoa aletzen duten bitartean», azaltzen dute arduradunek.

Beste batzuk

Igandean aurrera eramango den Jardunaldi honetaz aparte, azaroan zehar beste bi tailerretan parte hartzeko aukera izango dute bai haur eta familiek, eta baita helduek ere. Tailerrak hilaren 17an eta 25ean izango dira.

'Arto hostoz eginiko panpinak' lantegi didaktikoa izango da lehenengoa, hau azaroaren 17an arratsaldeko 16:30etik aurrera ospatuko delarik. Tailerra 4-12 urte bitarteko haur eta beraien familiei zuzenduko da. «Baratzetik artoa bildu eta lehortzen jarriko dugu. Artazuriketan ere arituko gara eta arto hostoekin panpinak egingo ditugu», diote Igartubeititik.

Bigarrena eta hilabete honetako azkena hilaren 25ean aurrera eramango den 'Sagarretik sagardora. Sagardotik ozpinera' dastaketa lantegia izango da, hau helduei zuzendutakoa izanik.

Igartubeiti Baserri Museoak, Bizi Baratzea eta Sagardoaren Unibertsitatearekin lankidetzan antolatu du tailerra, hau goizeko 12:00etan hasi eta bi orduko iraupena izango duelarik.

Dani Lasa, sorkuntza lankidetzaren inguruko egitasmoak sustatzen dituen sukaldariak eta Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak eskainiko dute tailerra. Azken kasu honetan parte hartzea mugatua da kopurua gehienez hogei lagunekoa izango delarik. Izena emateko Igartubeitira deitu beharko da 943 72 29 78 telefono zenbakira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos