Neurri irisgarriak ezartzen ari dira Igartubeiti baserri museoan

Kanpoko eragozpena saihestu dituzte. /  IGARTUBEITI
Kanpoko eragozpena saihestu dituzte. / IGARTUBEITI

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Igogailua, baserri barruan arrapala batzuk... orain arte eta poliki poliki neurri irisgarri desberdinak hartu izan dituzte Igartubeiti Baserri Museoan, azken egunetan hauetako beste batzuk hobetu dituztelarik: kanpoko espaloian zegoen koska, eta baserriko beheko solairuan arrapala berri bat ere eraiki dute, besteak beste.

«Igartubeitin mailakako neurri irisgarriak ezartzen ari gara, pertsona guztiak museoan sar daitezen eta bisita egin dezaten», azaltzen dute Igartubeititik. Orain arte zenbait eragozpen fisiko kendu dituzte museo kanpoan, aparkalekuan zehazki eta baita baserri barruan ere, irisgarritasun plangintzaren bigarren fasearen barne. Aparkalekutik espaloira igotzeko adibidez, koska kendu dute arrapala jarriz; edota baserriko beheko solairuan, kupelak kokatzen diren lekuan, ondoko gelara pasatzeko (sarrera eta sukaldea dauden tokia) arrapala bat eraiki dute; orain arte koska bat zegoen bertan.

«Esku-hartze hauek museoko aparkalekuan eta Interpretazio zentrora sartzeko igogailuan zeuden zenbait zintarri beheratzean oinarritu dira. Baserri barruan zenbait arrapala irisgarriak kokatu ditugu behe oinean eta lehen oinean», diote.

«Etengabeko hobekuntza egitasmoan lanean dihardugu pertsona guztiek museora sartzeko aukera izan dezaten, Elkarturekin lankidetzan», azaltzen dute Igartubeititik.

Ordutegia

Uda honetan Igartubeiti Baserri Museoak honako ordutegia du: asteartetik larunbatera eta jai egunetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak bitartean. Igandetan, goizez bakarrik irekitzen du, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte. Astelehenetan baserri-museoa itxita dago.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos