Nathalia Heim izango da Igartubeitin erresidentzia egingo duen artista

Igartubeiti. Ekaina eta iraila bitartean izango da egonaldia. /  GALILEA
Igartubeiti. Ekaina eta iraila bitartean izango da egonaldia. / GALILEA

Arte bisualaren alorrean lan egiten du eta Espainian 2010tik lanean diardu | Egonaldia ekaina eta iraila bitartean burutuko da, eta lau asteko iraupena izango du honek

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Nathalia Heim artista bisuala hartuko du udako hilabeteetan, lau asteko erresidentziarako. Lehen edizio honetara aurkeztutako hautagaien %30-a nazioarteko artistak izan dira.

PATRIM+ mugaz gaindiko erresidentziaren lehen deialdian parte hartzeko bere proposamena bidali zuten 42 artista edo kolektiboetatik Chateau de Seix-erako Beatriz Aisa & Delphine Tambourindeguy; Igartubeiti Baserri Museorako Nathalia Heim artista bisuala; eta Grauseko Espaco Pirineos-erako, Victoria Borrel koreografoa izan dira aukeratuak.

Egonaldia ekaina eta iraila bitartean burutuko da PATRIM+sareko hiru zentroetan. Deialdiaren mugaz gaindiko dimentsioa nazioarteko parte hartzaile kopuruan islatu da, jasotako proposamenen %30-a, hain zuzen ere.

Aurkeztu diren proiektuen artean, ikuskizun eta argazkilaritzaren inguruko diziplina artistikoak izan dira proiektu gehiagotan jorratu direnak. Dantza eta ikusentzunezko arteak ere izan dute beraien garrantzia. Egitasmo honen bitartez, PATRIM+ sareko hiru kultur zentroek ondarea eta sorkuntza artistikoa lotzea eta publiko berrien bila joatea bilatzen dute.

Erresidentziak, partaide diren hiru zentroetako lurraldeetako biztanleen arteko topaketak bultzatzea du helburu. Artista bat, lan bat eta sorkuntza prozesu bat, lurralde bakoitzean erresidentziak irauten dituen lau asteetan zehar presentzia artistiko handia izango duena. Funtsezkoa izan da deialdira aurkeztutako egitasmoetan irizpide hauek bete izana.

Emakumeei protagonismoa

Igartubeiti Baserri Museoak Nathalia Heim-en proiektua aukeratu du lau astetako erresidentziarako.

«Oso modu positiboan baloratu dugu Nathalia Heim artista bisualaren generoaren ikuspegia, mugaz gaindiko ikuspegia eta lurraldean izango duen eragina. Artistak bere lanean lurraldeko emakumeei eta bizi diren espazioari protagonismoa ematea proposatzen du, PATRIM+ mugaz gaindiko erresidentziaren helburuei erantzunez», azaltzen dute Ezkioko baserri museotik.

Genero gatazka

Nathalia Heimek (Natheim) arte bisualaren alorrean lan egiten du, Argentinan, Frantzian, Italian eta Espainian 2010etik lanak konposatzen eta erakusten. Giza Komunikazio (UBA) ikasketak burutu zituen, Argazkilari Profesionala, Irakaslea eta Kultur Kudeatzailea da.

2010etik aldizkarietan lan egin eta argitaratu du. Bere ibilbidean, galerietan, argazkilaritza bienaletan eta nazioarteko jaialdietan ikusgai ipini ditu bere lanak, Argentinan zein Europan. Azken urteetan, bere lana argazkilaritza sari garrantzitsuenetan hautatua izan da Frantzian zein Espainian, Promenades Photographiques en Vendôme eta Madrilgo Casa América-ko 'América Late' jaialdian esaterako.

Bere azken arte lanak genero gatazkekin eta hauek gertatzen diren tokiekin estuki lotuak daude, bere ikerketa eta sorkuntza artistikoaren funtsezko gorputza sortuz gaur egun.