San Migelei agurra, egun handian

Desafio herrikoian herri kiroletan aritu ziren Ezkioko bizilagunak arratsaldeko ekintzei hasiera emanez./ ALOÑA
Desafio herrikoian herri kiroletan aritu ziren Ezkioko bizilagunak arratsaldeko ekintzei hasiera emanez. / ALOÑA

San Migel egunarekin amaituko dira festak, meza, haurrentzako jolasak, bertsoak, trikitia eta txokolatearekin

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Primerako asteburua igaro dute ezkiotarrek San Migel jaien ospakizunean. Ostiralean arratsaldean hasi eta ekintzez jositako hiru egun izan dituzte, haur, gazte eta helduei zuzendutako joko, kirol, omenaldi eta bestelakoekin ederki pasatzeko aukera izan dutelarik. Aurrera begira egun bakarra geratzen da, egun handia hain zuzen ere, San Migel bihar asteazkena ospatzen delarik, eta honetan ere aurtengo jaiei agur esateko egitarau dotorearekin datoz.

Kirolak jai hauetan nagusi izan direla esan dezakegu: Pilota txapelketan Albedi anaiek jaso zuten txapela; musean Joxe Mari Zumarraga eta Iñaki Arratibel suertatu ziren garaile; Joxe Ugartebururen omenaldian parte hartu zuten aizkolari eta harri jasotzailea ere aipatzekoak dira; Izazpi igoerako kirolariak; eta nola ez igande arratsaldeko desafioan parte hartu zuzen herritar sasoitsuak ere.

Gainera, eta egitarauan ez aipatu arren, herritarren lanen erakusketa dotorea ikusgai dugu apaiz-etxean, hau bihar ere bisitatzeko aukera egongo delarik. Sorkunde Larrañaga, Bittori Idiakez, Juan Zufiria, Inaxio Galdos eta Kandido Ariztik egindako lan ederrek osatzen dute erakusketa hau. Eskuz, mimoz eta orduak zintzo emanda egur tailuak, bordatuak, panpinak, kotxeak, erlojuak, kaxak... atentzioa deitzeko moduko lan bikainez osatutako erakusketa herrikoia.

San Migel

San Migelak bukatzear daude eta hauei amaiera bikaina emateko San Migel eguna ospatuko dute ezkiotarrek bihar, hilak 8, honetan ere ekintza desberdinak aurrera eramango direlarik.

Eguerdiko 12:00etan meza ospatuko da parrokian eta jarraian, luntxa eskainiko da Argindegi ostatuan.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera haurrentzako jolasak egongo dira eta 18:30ak inguru trikiti eta bertsolariak izango ditugu herrian. Azkenik, eguna borobildu eta aurtengo jai hauei amaiera gozoa emateko, txokolatadahasiko da 19:00etan. Gozatu!