Maite Salutregi eta Jone Urain, 'Nortasuna' erakusketako partaide

Pott. Maite Salutregi eta Jone Urain Itsason dute tailerra. /  GALILEA
Pott. Maite Salutregi eta Jone Urain Itsason dute tailerra. / GALILEA

Erakusketa hau bisitatzeko aukera maiatzaren 3ra arte egongo da, Gasteizko Araba Aretoan

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Hilaren 9an izan zen inaugurazioa eta maiatzaren 3ra arte 'Nortasuna' erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu Vital Fundazioa Erakusketa Gunean, Araba Aretoan (Vitoria-Gasteiz), bertan Pott Keramikako Maite Salutregi eta Jone Urainen lanak ikusteko aukera izango dugularik, besteak beste.

Euskal Keramikagile Garaikideak (EKG) taldea osatzen duten zortzi kideen lanak ikusteko aukera izango dugu erakusketa honetan: Maite Salutregi, Koro Martínez, Loli Pinedo, Ramón Berraondo, Jabi Berasategi, Inés González de Zárate, Txaro Marañón eta Jone Urain.

Erakusketa honen antolamenduan, euskara hartu zuten EKG taldekoek oinarri gisa; euskara, euskal kultura irudikatzen duen elementu bezala. Honela, zortzi artista hauek 'Nortasuna' erakusketa osatu dute, egindako piezak euskal poeten lan desberdinetan oinarritu izan dituztelarik.

Lanak

Itsasoko Pott keramikako Maite Salutregi eta Jone Urainen lanak 'Nortasuna' erakusketaren barne kokatzen dira. Maite Salutregik 'Ama euskara' lana erakusten digu oraingoan Gasteizen, aukeratutako poema Jose Luis Otamendiren Lur Arola izan delarik.

Jone Urainek berriz, 'Harilkatze' lana aukeratu du erakusketa honetarako. «Gandigaren hitzak jasotzen ditut honetan, euskaraz bizi eta pentsatzera gonbidatzen gaituztenak», azaltzen du Urainek.

Gure herriko bi artisten lan hauek, EKG osatzen duten beste sei artisten lanekin batu eta 'Nortasuna' erakusketa sortu dute, hau maiatzara arte ikusgai izango dugularik. Beraz, Urain eta Salutregiren lanekin batera Koro Martínezen 'Batuz-Versus Batuz'; Loli Pinedoren 'Agurra'; Ramón Berraondoren 'Letrak jaiotzen diren lekuan'; Jabier Berastegiren 'Baga, biga, higa, laga,boga sega, zahi, zohi, bele, harma, zixpa, tiro punp'; Ines Gonzalez de Zarateren 'Mendez mende'; eta Txaro Marañonen 'Zita' topatuko ditugu.

Euskal Kermikagileak

Hamahiru urte dira EKG taldea sortu zela eta urte hauetan zehar erakusketa, Jardunaldi eta bestelako ekitaldietan parte hartu dute beraien lanekin. Gasteizeko Artium Museoan aurrera eramandako Zeramika Jardunaldiak antolatu izan dituzte; 2005ean, Japonia Zeramika Gunean parte hartu zuten; 2007an, 'Su-Ahotsa', bertan EKGko kideek egindako buztinezko txalapartarekin kontzertua eskaini zelarik; 2011n 'Seyni Elementuen Artean'; 2009-2011n Zeramika Topaketak Zegaman...

Erakusketa ugarietan ere parte hartu dute, hauetako batzuk ondorengoak izan direlarik: Zaragozako Cerco Zermika Garaikidearen Azoka Internazionala (2004 eta 2009); Tarragonako La Galera Zeramika Azoka; erakusketa desberdinak gune anitzetan: Vitoria-Gasteiz (Zuloa 2005, Ikusi arte 2009); Gipuzkoa (Xenpelar Errenteria 2006, Kultur ate Arrasate 2011) eta Nafarroa (Barañain 2012).

Azken lanen artean, aurten adibidez Catalunyako Zeramisten elkartearen Erakusketa aretoan parte hartzeko gonbidapena jaso dutela aipatzekoa da.

Ekintza hauekin guztiekin EKGko kideek sortzaileen eta ikusleen arteko elkarrizketa bat sortzea dute helburu, zeramika garaikidearen munduan murgiltzen laguntzearekin batera.

Ikastaroak

Itsasoko herrigunean dute Pott Keramikako Maite Salutregik eta Jone Urainek tailerra, bertan lan ederrak sortzeaz gain ikastaro desberdinak ere aurrera eramaten dituztelarik. Eta ez bakarrik euren tailerrean, baizik eta inguruko herrietako kultur topagunetan ere eman izaten dituzte klaseak. Artista hauen lana eta aurrera eramaten dituzten ekintzak hobeto ezagutzeko www.pottkeramika.com helbidera jo.