Maialen Akizuren 'Itsasoa opari', aurtengo kontakizun laburren irabazlea

Deialdiaren gaia baserria eta itsasoa izan da

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Istorioak belarrietara IV. euskarazko kontakizun laburren lehiaketako irabazlearen izena jakin berri da, hamalau parte hartzaileen artean Maialen Akizuren 'Itsasoa opari' ipuina irabazlea izan delarik; bigarren saria, Idoia Garzesen 'Anaia bi' kontakizunarentzat izan da, eta hirugarrena, Ainara Elizondoren 'Uhinak beti gazi'.

Idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea du helburu lehiaketa honek, haur ipuinen generoa bereziki bultzatuz. Gainera, kultur ondarearen inguruko lan modu berriak zabaldu eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzea du xede, Igartubeiti Baserri Museoak, Untzi Museoarekin lankidetzan euskarazko kontakizun laburren lehiaketako laugarren edizio honek.

Deialdiaren gaia baserria eta itsasoa izan da. Erdi Aroaren amaieran, arrantzaren gorakadarekin batera, dolare baserria sortu zen. Lantegi izugarriak ziren eta tokiko kontsumoa hornitzeaz gain, merkataritza eta arrantza itsasontziak ere hornitzen zituzten. «Historian zehar, sagardoa, baserria eta itsasoa gaur egunera iritsi zaizkigun kontakizunak eta kondairak sortzeko gaiak izan dira. Esate baterako, Ataungo Agerre baserriko jabeei Jentilak egindako madarikazioa edo beraien aberastasunekin gelditzeko asmoz eremu arriskutsuetara itsasgizonak erakartzen saiatzen ziren mamuen eta gezurtien kondairak», azaltzen dute Igartubeititik.

Areago, Igartubeiti Baserri Museoko urteko programaren barne, 2011n bere ibilbidea hasten duen ondare berrikuntza proiektua da. Areago, sorkuntza eremuko lenguai ezberdinen erlazioaren bitartez eta euskarri ezberdinen erabileraren bitartez, ondare baliabideekiko beste harreman mota batzuk esploratzen duen gune gisa sortzen da.

Oraingo honetan Areagok parte hartzea, sorkuntza prozesuak, kontakizun laburren bitartez, narratiba eta ikuspegi berriak nabarmendu nahi ditu, era berean euskararen erabilera eremu honetan eta ondare eremuan sustatuz.

Parte hartzea

Asko izan dira IV. edizio honetan parte hartzera animatu direnak, guztira hamalau lagunek kontakizunak aurkeztu dituztelarik: 'Anaia bi', Idoia Garzes; 'Artolatarren patua', Miren Mujika; 'Azkeneko euskal balea', Joxe Mari Azkoaga; 'Baserria eta itsasoa', Celia Resano; 'Gautxori', Silvia Lacasa; 'Gure itsasoa, denon itsasoa?', Iñigo Legorburu; 'Hirugarren borondatea', Aitor Fernandez de Martikorena; 'Itsasoa opari', Maialen Akizu; 'Kupelaren erraietan', Gorka Azkarate; 'Martintxo eta parrats', Gotzon Plaza; 'Sagua itsasoan', Marije Manterola; 'Uhinak beti gazi', Ainara Elizondo; 'Xarpa', Goiz Eder Iturrain; eta 'Xixili', Goiatz Labandibar.

Irati Goikoetxeak, Untzi Museoko Xabier Alberdik eta Igartubeiti Baserri Museoko zuzendaritzak osatu dute epaimahaia eta kontakizun sarituen aukeraketa prozesuan ondorengo irizpideak kontutan izan dira: 8-12 urteko haurrei zuzendutako kontakizuna izan behar zuela, baserria eta itsasoa gaia, originaltasuna, sormena, hizkuntzaren erabilera eta estiloa.

Irizpide hauek jarraituz, epaimahaiaren iritziz honakoak izan dira saridunak: Maialen Akizuren 'Itsasoa opari'-k jaso du lehenengo saria (450 euro); Idoia Garzesen 'Anaia bi'-k irabazi du bigarrena (250 euro); eta Ainara Elizondoren 'Uhinak beti gazi' izan da hirugarren sailkatua ( 2 lagunentzako nekazaletxe batean bi gauetako saria).

Argitalpena

Kontakizunak bilduko dituen argitalpen ilustratua prest izango da abenduaren 3rako,euskararen egunerako. Ilustratzaileekin harremanetan daude Igartubeitikoak orain, kontakizun bakoitzean oinarritutako ilustrazioak egin ditzaten.

Kontakizunak Igartubeitiko webgunean sareratu dira: www.igartubeitibaserria.eus helbidean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos