Mahai jokoetan aritzeko aukera egongo da udaletxean

Mahai jokoak. Abenduan, Ezkioko eskola zaharrean. /  EZKIO
Mahai jokoak. Abenduan, Ezkioko eskola zaharrean. / EZKIO

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Abenduan aurrera eraman zen herrian horrelako ekintza bat lehenengo aldiz eta honek izan zuen arrakasta ikusita Udalak berriro ere antolatzea pentsatu du. Horrela, apirilaren 27an mahai jokoetan jolasean aritzeko aukera eskainiko zaie herritarrei.

Lekua aldatu dute oraingoan eta Ezkioko herrigunean izan ordez, udaletxean -Anduaga etxean- elkartuko dira larunbat horretan arratsaldeko 16:00retatik 19:00ak bitartean.

Antzuolako Jolasenea elkarteko kide den Lizarrako Juanma Begiristainen laguntzaz aurrera eramango da saioa, bertan haur, gazte eta helduentzat zuzendutako jolasak aurrera eramango direlarik. Horrela, zortzi urtetik beherakoentzat Zike Zake, Pick a Pig, Troll y Dragon, Piko Piko, Oso Park, Cucu Trash, etab. eskainiko dira. Beste guztientzat ere aukera zabala izango da: Catan, Carcassonne, Sushi Go!, Dixit, Rhino Hero, F1, Ubongo, Coloretto, Adenaline, Century eta beste joko asko.

Jokoak dauden bitartean, arratsaldeko 17:30etatik aurrera txokolatada egongo da Anduaga elkartean.

Pilota partiduak

II. Goxua Pilota Txapelketa aurrera doa. Aurreko ostiralean lehenengo faseko azken partiduak jokatu ziren eta gaur final laurdenetakoak aurrera eramango dira Ezkioko pilotalekuan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko dira eta lau partidu jokatuko dira: Antika eta Oliveirak, Izagirre eta Oñateren kontra egingo dute; Pueyok eta Urretak, Arratibel eta Xabaten kontra; Mujika anaiak, Deba eta Agirreren kontra; eta azkenik, Alberdi anaiak osatzen duten bikotea, Bereziartu eta Barandiaran-en kontra egingo du.