Lurra zaintzeko lanak dira abenduan egin beharrekoak

Abendua. Lurrak atsedena hartzeko garaia da abendua, berriro ere ongarritu, udaberrian indartsu eta egoki egon dadin./IGARTUBEITI
Abendua. Lurrak atsedena hartzeko garaia da abendua, berriro ere ongarritu, udaberrian indartsu eta egoki egon dadin. / IGARTUBEITI

Lurra hasetzeko bi ongarri mota erabili ditzakegu: ongarri mineral naturalak eta natural organikoak

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Egunik motzenak eta gaurik luzeenak izango ditugu abenduan. Izan ere, abenduaren 21etik aurrera, neguko solstizoaren ondotik negu bete-betean sartuko gara eta honek esangura eta magiaz beteriko garaiari ekitera goazela esan nahi du. Aldi berean abenduak ho- tza eta izotza ekarriko digu, eta honek lurra hoztu egingo du. Beraz baratzean lurra zaintzeko lanetan hasi beharrean dago eta hau behar bezala egiteko aholkuak luzatzen dizkigute oraingoan ere Igartubeiti Baserri Museotik.

Abenduarekin batera negua dator eta honekin atsedenaldia, hala ere egin beharreko lanak ditugu oraindik. «Lurra hoztearekin batera landareen garai aktiboa ahuldu egingo da eta bai lurra eta bai landareak atsedentxo bat hartuko dute», Igartubeititik.

Lurrak bizirik eta osasuntsu jarraitu dezan, eta atsedenalditik udaberrian sasoi bete-betean atera dadin, lurrari eman diguna itzultzeko garaia da, eta honetarako lurra ongarritu behar da.

Ongarriketari dagokionean, ondoko hau garbi izatea beharrezkoa dela aitortzen dute Igartubeiti Baserritik: «Ongarria lurraren elikadura hobetzeko erantsiko diogun edozein bizigarri da. Beraz, ongarriak ez du zuzenean landarea elikatzen baizik eta lurra. Eta lurrak elikatuko du landarea. Beraz, lurra ez da medio edo herraminta huts bat, izaki bizidun bezala ulertu beharko genuke», azaltzen dute.

Beraz, landareak lurretik elikagaiak eskuratuko ditu mineral eran (nitrogenoa, fosforoa, kaltzioa...). Nitrogenoa oso garrantzitsua da, landareak honekin bizitzeko oinarrizko gaiak sortuko dituelako. Fosforoak fotosintesia ondo burutu dadin laguntzen du eta kaltzioak berriz sustraiak eta zurtoinak sendo- tzen lagunduko du. Eta bestetik, ongarriketari dagokionean lurraren ph-a hau da egoera kimikoa nola dagoen ikusi behar da (nola ongarritu eta zein landare mota egokituko den ondoen jakiteko). «Ph neutrua, erdi erdiko maila 7 da. Hortik behera lur azidoa izango da eta gora berriz basikoa. Beraz, lur bakoitza hasetzeko ongarriketa egingo dugu. Mota ezberdineko ongarriak ditugu: ongarri mineral naturalak eta ongarri natural organikoak.

Hemengo eguraldia

Ongarri Mineral Naturalak zuzenean lurretik erauzitakoak dira, batez ere kaltzioa da nagusi ongarri mota honetan. Ezagunena karea dugu. «Hemengo eguraldia dela eta (euria, hezetasuna...), buztin lurra ito egiten da, lokaztu eta lurra korapilatu egiten da. Eta honela landareak ezin ditu lurreko elikagaiak (mineralak) eskuratu. Korapilo horiek kareak askatuko dizkigu, lurra harrotu egingo digu ph-a igoz eta honela azidotasuna gutxituko du», azaltzen dute.

Ongarri natural organikoa berriz, ziklo naturalean berez txertatzen zaigun ongarria da, bere kabuz gertatzen dena. Bizidunen hondakinetatik sortzen dira, adarrak, hostoak, janari hondakinak, belarra, egurra, simaurra... Usteldu ahala lurra aberastuko digute, eta landareak behar dituzten elikagaiak askatuko dituzte. Ongarri organiko naturala sor- tzeko bide ugari ditugu: animali simaurra, orbela eta baratzeko hondakinak, etxeko janari hondakinekin egindako luarra... Baserrietan simaurra erabili izan da. Ukuiluan, ganadua etzateko jarritako inaurkina (garoa, arto hostoak, orbela, zerrautsa...) eta ganaduak gainean eginiko gorotzarekin nahastean sortzen dela diote.

Laburbilduz, «lurra izaki bizidun bat dela ulertzen badugu, gure osasuna zaintzen dugun bezala lurra ere zaindu beharra daukagu. Horretarako garai ona denez lurra ongarrituko dugu. Ongarri natural organikoarekin lurra elikagaiez, mineralez hornitzea lortuko dugu. Eta ongarri mineral naturalarekin berriz buztin lurra harrotu, ura eta oxigenoa askatu eta lurreko mikroorganismoek errazago lan egin dezaten lortuko dugu. Hasi bada eskuak zikintzen eta lurrari eman diguna itzultzen», animatzen dute Igartubeiti Baserri Museotik.

 

Fotos

Vídeos