Elkarbizitzaren festa

Elkarbizitzaren pankarta koloretsua Udaletxeko balkoian jarri zuten ume eta helduek. /
Elkarbizitzaren pankarta koloretsua Udaletxeko balkoian jarri zuten ume eta helduek.

Domingo Agirreko haur, guraso eta irakasleek herrialde eta kultura aniztasuna goratu zuten larunbatean plazan

CRISTINA LIMIA LEGAZPI.

Domingo Agirreko haur, guraso eta irakasleek 'Elkarbizitza Egun' koloretsua ospatu zuten larunbatean. «Aurten, eskolan dugun aniztasuna izan dugu hizpide, herrialde eta kultura desberdinak landu genituen aste osoan zehar gelaz gela eta larunbateko festa handiarekin eman genion amaiera ekimenari», azaltzen dute. «Haur eta helduak herriko plazan elkartu ginen, bertan, erakusketa gisa, aurreko egunetan landutako herrialdeen muralak jarri genituen eta munduko mapa erraldoi bat irudikatu genuen, honen baitan eskolan dauden ikasleen jatorrizko herrialdeak koloreztatuz», aditzera ematen dute. Goizean zehar ume eta familientzako jolas ugari burutu zituzten: kaskara jokua, makilaje tailerra, zaku lasterketa, jogurt jana begiak estalita... Zumba saioa ere egin zuten eta amaitzean, 'Elkarbizitza Eguneko' pankarta udaletxe atzeko balkoian jarri zuten. «Bi aste igaroko ditu bertan ikusgai», iragartzen dute. Goizean zehar eguraldia izan zuten lagun eta ekintza guztiak plazan gauzatu zituzten, baina eguerdian antolatuta zegoen bazkarirako mahaiak azokako eremu estalian prestatu zituzten badaezpada. «200 lagun inguru elkartu ginen eta giro paregabean bazkaldu genuen, ondoren, Xaiborrekin dantzaldi bikainaz gozatzeko aukera izan genuen, ikasleak mailaka eszenatokira dantza-tzera igo ziren eta gurasoak ere gogoz animatu zituen Xaiborrek», azaltzen dute. Olazabalgo ikasleak ere festara hurbildu ziren, jolasetan lagundu eta haiekin bazkaltzeko. «Elkarbizitza egun bikaina izan da», nabarmentzen dute.