Badator 'Euskaraldia' Legazpira

Herrian 'Euskaraldia' bultzatzeko sortutako batzorde eragilea./
Herrian 'Euskaraldia' bultzatzeko sortutako batzorde eragilea.

Batzorde eragilea martxan da herrian eta irailean aurkeztuko ditu lehen ekimenak | 'Euskaraldia' euskararen erabilera sustatzeko dinamika da eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da

CRISTINA LIMIA LEGAZPI.

Legazpin 'Euskaraldia' bultzatzeko batzorde eragilea martxan jarri da. Joan den apirilaren 17an, ekimenari buruz kultur etxean egindako aurkezpenetik sortu da taldea. «Hala ere, batzordea irekia da eta edonork har dezake parte, taldeko edonorekin harremanetan jarrita», azaltzen dute batzordeko kideek. «Une honetan, Legazpiko 'Belarriprest' eta 'Ahobizien' hamaikakoa ari gara prestatzen eta irailean zehar egingo dugu aurkezpena, orduan izango duzue gure berri», aurreratzen dute.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz

'Euskaraldia' euskararen erabilera sustatzeko dinamika da. Bere helburuak inertziak apurtzea (aldekotasun sinbolikotik urrats praktikoetara igaroz), pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea (egunerokoan eraginez) eta tokian tokiko euskaltzaleen sareak berraktiba- tzea eta indartzea da. «Bere erronka zehatzak, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak ekimenaren ostean mantentzea dira», azaltzen dute Udaleko Euskara zerbitzutik. Ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko da Euskal Herri osoan, auzo, herri, zein eskualdeetan, herrian zein entitatean eta 16 urtetik gorako herritar euskaldunek eramango dute aurrera. «Dinamikaren hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' bihurtuko dira», aurreratzen dute. «Ahobiziek, ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz eran-tzun arren, eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diote; Belarriprestek, berriz, euskaraz egiten dietenei erdaraz zein euskaraz erantzungo diete», azaltzen dute. Guzti horren berri emateko, apirilaren 17an hitzaldia eskaini zen kultur etxean, bertan Topaguneko ordezkaria, Rita Aldabaldetreku, egon zen eta berak aurkeztu zuen ekimena. Lerro hauetatik, herritar guztiak animatu nahi dituzte ekimen honetan parte hartzera.

 

Fotos

Vídeos