Ahobizien eta Belarripresten bilkura Chillida Lantokian izango da

Joan den irailean Kale Nagusian egindako Legazpiko Ahobizien eta Belarripresten Hamaikakoaren aurkezpen jendetsua./
Joan den irailean Kale Nagusian egindako Legazpiko Ahobizien eta Belarripresten Hamaikakoaren aurkezpen jendetsua.

Jesus Castillejok eta Edurne Berasategik euren hizkuntza-esperientzia kontatuko dute eta musika eta jan-edanaz gozatzeko aukera egongo da

CRISTINA LIMIA LEGAZPI.

Euskaraldiaren hurrengo geltokia Chillida Lantoki museoa izango da. Datorren larunbatean Legazpiko Belarripresten eta Ahobizien bilkura egingo da bertan. Hitzordua 17:30ean izango da, herrian eta bereziki, musika esparruan, ibilbide oparoa duten bi legazpiarrekin: Jesus Castillejo eta Edurne Berasategi.

Biak euren hizkuntza-esperientziari buruz elkarrizketatuak izango dira eta Euskaraldiaren baitan, Belarriprest edo Ahobizi izango diren azalduko dute. Musika eta jan-edanaz gozatzeko aukera ere izango da. Euskaraldian parte hartu nahi duten herritar guztiak ekitaldira gonbidatuta daude.

Honekin batera, Euskaraldiaren mahai ibiltariaren azken egunak izango direla aditzera ematen dute antolatzaileek. Hau izango da bere ibilbidea: gaur Laubide auzoan 16:30etatik 18:30etara, bihar Aran-tzazu auzoan 16:30etatik 18:30etara, larunbatean Nafarroa Kalean 11:00etatik 13:00etara, datorren asteko asteartean Juanastegiko igogailuan 16:30etatik 18:30etara eta asteazkenean Urtatza auzoan 16:30etatik 18:30etara. Bestalde, azaroaren 1etik 23ra, online izena emateko aukera egongo da www.euskaraldia.eus web gunean eta paperez Legazpiko kultur etxean, Euskaltegian edo Udaletxean.

Euskaraldiaren erronkak

Legazpin Euskaraldia bultzatzeko batzordea lanean jarraitzen du, bertan parte hartu nahi duten guztiei irekia. Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko dinamika dugu. Bere helburuak inertziak apurtzea (aldekotasun sinbolikotik urrats praktikoetara igaroz), pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saia-tzea (egunerokoan eraginez) eta tokian tokiko euskaltzaleen sareak berraktibatzea eta indartzea dira.

Bere erronka zehatzak, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak ekimenaren ostean mantentzea dira. Ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko da Euskal Herri osoan, auzo, herri, zein eskualdeetan, herrian zein entitatean eta 16 urtetik gorako herritar euskaldunek eramango dute aurrera.

«Dinamikaren hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Ahobiziek, ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren, eta ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diote. Belarriprestek berriz, euskaraz egiten dietenei erdaraz zein euskaraz erantzungo diete», azaltzen dute antolatzaileek. Bien bitartean, Chillida Lantokian ospatuko den ekitaldian eta Euskaraldiaren inguruan garatuko diren beste hainbat ekintzetan parte har-tzera animatzen dituzte herritarrak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos