Larunbatean egingo da udazkeneko auzolana

Auzolana. Urteak dira aurrera eramaten dela auzolana Itsason, urtean bitan. /  ITSASO
Auzolana. Urteak dira aurrera eramaten dela auzolana Itsason, urtean bitan. / ITSASO

Aurrekoetan bezala oraingoan ere 50 lagun inguruk parte hartuko dute auzolan eta afarian

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Itsason bizilagunen artean aurrera eramaten diren ekintzak aipatzekoak dira, hauen artean adibidez urtean bitan aurrera eramaten den auzolana, bai udaberrian eta baita udazkenean ere lan, konpontze eta txukunketa desberdinak aurrera eramateko elkartzen direlarik. Aurreko larunbatean udazkenekoa ospatu behar zuten herritarrek baina igarrita zegoen eguraldia zela eta hau atzeratzea erabaki zuten; horrela, azkenean azaroaren 3a (larunbata) izango da aukeratutako eguna.

Aurreko astetan izena emateko aukera izan dute herritarrek, bai egin beharreko lanetan laguntzeko eta baita amaitzerakoan ostatuan ospatzen den afarira joateko ere. Guztira, aurreko auzolagunetan izan den bezala 40-50 lagunek inguruk eman dute izena eta hauek arratsaldeko 14:30etan elkartuko dira larunbatean plazan, taldeak banatu eta egin beharreko lanekin hasteko.

Aurreko larunbatean eguraldiagatik bertan behera geratu zen ekintza baina larunbata honetarako badirudi eguraldiak lagunduko duela. Meteorologia-agentziak dionez ez du euririk egingo eta tenperaturak 5-13 gradu bitartekoak izango dira.

Egin beharrekoak

Sei izan dira oraingoan aukeratu dituzten guneak, guztiak Itsasoko lurretan zehar kokatutakoak, eta taldeak egin orduko lanean hasiko dira larunbatean.

Burutuko diren lanak ondorengoak izango dira: Itsaso-Alegia-Itsaso herribide zaharrak hesola eta zeramika logoekin markatuko dituzte; ibilbideetan eta leku esanguratsuen informazio panelak kokatuko dira, hau da, Itsaso, Alegia, Zozabarro, San Lorentzo, Urteaga, Kizkitza, Altzigarraga eta Mandubiko Bentan; hesiak zuzenduko dira Epelde, Alegiko Madura eta Atinzabal parean; Euskaraldirako pankartak eta txapak diseinatu eta margotuko dira: Itsusturri eta Okinarri artean dagoen bidea garbitu eta zuhaitz adarrak kenduko dituzte; eta azkenik, Itsaso eta Alegiako lorategiak txukunduko dira.

Egin beharreko lana amaitu ondoren eta eguna borobiltzeko, nahi izan duten partaide guztiek herriko Ostatuan egingo den afarian parte hartuko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos