Kortabarria familia ezagutzeko aukera, asteburu honetan bakarrik

Bisitak. Aldez aurretik txanda hartzea gomendatzen da. / GALILEA
Bisitak. Aldez aurretik txanda hartzea gomendatzen da. / GALILEA

Sagardo Astea aurrera doa eta asteburu honetan Karmakros antzerki taldeak Kortabarria familiaren lana azalduko du

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asteazkenean jarri zen martxan aurtengo Sagardo Astea, eguerdian lehenengo zanpaketa aurrera eraman zelarik dolarean. Orduan hasi eta urriaren 19ra arte ekintza desberdinak aurrera eramango dira Igartubeitin, hauetako bat antzezpenak izango direlarik, hauek asteburu honetan bakarrik izanik.

Dolarea martxan egunero jarriko da: asteburu honetan prentsaketa bakarra izango da, 12:00etan; eta astean zehar (urriak 15, 16, 17, 18 eta 19an) sagar zanpaketak egunero izango dira goizez, 11:30etatik aurrera. Prentsaketa bakoitza egin aurretik, Kirikoketa burutuko da, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua.

Zanpaketak dira ziur asko Sagardo Aste honetako ekintza nagusia, baina honen inguruan Igartubeitiren xarma areagotzen dutenak ere baditugu, antzezpenak adibidez, hauek asteburuan zehar soilik aurrera eramango direlarik. Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldekoak arituko dira oraingoan ere lanean, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dutelarik. XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira. Antzezlanak gaur eta bihar, goizeko 11:30etatik 12:00etara eta 13:00etatik 13:30etara izango dira.

Bestalde, aurtengoan ere baserriko ataria apainduko duen sagar erakusketa dugu, oraingo honetan 'Zer da kixkia?' tailerrean parte hartu zuten haur eta familiek bildutako sagarrak ikusgai daudelarik. Eta Argazkia eta Ikatza elkarteen lankidetzarekin, aurten ere argazki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dugu. Honen oinarriak web gunean kontsulta daitezke.

Autobusa

Aurtengo edizioan Igartubeitin garraio publikoa erabiltzea erabaki dute museoko parking-eko kotxe pilaketak ekiditzeko asmoz, beraz asteburu honetan doako autobus zerbitzua eskainiko da 10:00etatik 14:30etara, Santa Lutziko industria gunetik. Ezingo da baserrira kotxean igo.

 

Fotos

Vídeos