Korrika Txikia Herri Eskolatik abiatuko da gaur arratsaldean

Korrika. Eskolako haurrek parte hartuko dute. / GALILEA
Korrika. Eskolako haurrek parte hartuko dute. / GALILEA

21. Korrikak larunbatean goizean zeharkatuko ditu Ezkioko kaleak, hiru kilometroko ibilbidea osatuz

GALILEA EZKIO.

Aurten ere Herri Eskolakoek Korrika Txikia ospatuko dute Ezkion, hau gaur arratsaldeko 15:15etatik aurrera abiatuko delarik. Azken egun hauetan guztia prestatzen aritu dira ikasle eta andereñoak: petoak, lekukoa... eta gaur arratsaldean Herri eskolatik abiatuko dira, hauek ere euskara bultzatuz.

Klika Korrika

Larunbatean, hilaren 13an goizean zeharkatuko du aurten Korrikak gure herria, lekukoa jaso eta hiru kilometroetan zehar herritarrek ibilbidea osatuko dutelarik. Hiru kilometro hauek Udala, Herri Eskola, Ganbara Guraso elkartea, Yartu KE, Anduaga KE, Oreiña KE eta herritarrei esker erosi dira.

Goizeko 9:15etan elkartuko dira parte hartzaile guztiak Anduaga etxe parean eta 9:30etan jasoko dute lekukoa. Zentraletik hasi eta Eitza barrenera arte egingo dute ezkiotarrek ibilbidea.

Goizeko 10:15etan entregatuko dute lekukoa hauek eta berriro ere Anduaga elkartera joango dira ospatzera. Elkartean salda, txorizoa eta haragi egosia egongo dira parte hartzaile guztientzat.

Temas

Korrika