Kizkitzako Amaren Eguna larunbatean ospatzeko guztia prest

Kizkitza. Kizkitzako Amaren egunean, irailaren 8an, meza eta erromeria ospatzen dira. /  GALILEA
Kizkitza. Kizkitzako Amaren egunean, irailaren 8an, meza eta erromeria ospatzen dira. / GALILEA

Eguerdiko 12:00etan hasiko da meza, jarraian erromeria eta toka eta fardoa jaurtitzeko aukera ere egongo da bertan

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Aste bete igaro da San Bartolome jaiak ospatu zirenetik Itsason, eta oraindik ere ospakizun usaia dugu herrian, urtero bezala irailaren 8an, larunbatean, Kizkitzako Amaren Eguna aurrera eramango delarik. Azken urtetan San Bartolome jaiekin lotutako ekintza izan dugu hau, eta jai egun ederra igarotzeko aukera izango dugu oraingoan ere, bertara bai Itsaso eta baita inguruko herrietako bizilagunak ere gerturatzen direlarik.

Itsaso, Ezkio, Zumarraga, Beasain... inguruko herri desberdinetatik gerturatzen dira baselizara egun honetan eta giro ederrean igarotzen dute goiza, batzuk senide edo lagunekin bazkaldu eta arratsaldera arte ederki egoten direlarik.

Aurreko egunetan lanean egoten dira Itsasoko bizilagunak lekua ospakizunerako txukuntzen: garbiketak, txukuntzeak, konponketak... eta hilaren 8a iristerakoan dena prest egoten da.

Egitaraua

Aurten ere eguerdiko 12:00etan ospatuko da beti bezala meza, eguraldiak lagunduz gero, baselizako atzeko aldean kokatutako eszenatokian aurrera eramango delarik (bestela baseliza barruan); eta amaitu ondoren, erromeriari hasiera emango zaio Lidia Irigoien eta Xabier Etxanizekin.

Arratsaldeko 14:00etatik aurrera bazkari garaia izango dugu eta 16:00etan berriro ere erromeria hasiko da, arratsalde osoan zehar musikak festa girotuz.

17:00etan, berriz, azken urtetan ospatu den bezala eta izandako arrakasta dela medio egitarauaren parte bilakatu diren toka eta fardoa botatzea ez dira faltako.

Gau aldera, 21:00etan, trikitilariekin batera Itsasoko bidea hartuko dute bizilagunek eta herrira heldu bezain pronto plazako karpan elkartuko dira elkarrekin afariaz gozatzeko. Bestalde, Mandubiko Bentan ere erromeria izango da egun osoan zehar, Rezusta anaien esku.

Pintxo eta edariak

Aurtengoan ere, urtetan egin ohi izan den bezala, pintxoak ez dira faltako Kizkitzan eta gainera baz-kaltzeko menua hartzeko aukera ere izango dute nahi dutenek. Itsasoko ostatua daramaten Mairama enpresakoek badute aurreko urteetako eskarmentua eta oraingoan ahal bada ere hobeto egiteko gogoekin doaz Kizkitzara: txorizoa brasan, salda, haragi egosia, txokolatea... egongo dira mokadutxo bat hartu nahi dutenetzat. Jai egun ederra izango da ziur Kizkitzakoa!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos