Kalabazina, tipula eta patata garaia dugu orain

Baratzea. Tipula eta patata jasotzeko garaian gaude orain, kalabazinak landatzeko azken aukera ere dugularik. /  IGARTUBEITI
Baratzea. Tipula eta patata jasotzeko garaian gaude orain, kalabazinak landatzeko azken aukera ere dugularik. / IGARTUBEITI

Gereziak eta aranak etorriko dira orain, jarraian udareak eta sagarrak ere azaltzen hasiko direlarik

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Uda iritsi da eta hau Igartubeiti baserriko baratzea eta inguruetan nabaritzen hasia da. Hilabete honetan leherketa etorriko da, eguzkiak ederki berotuko du eta landareek gustura hartuko dute.

Tipula eta patata jasotzeko garaia da, hostoak kolore marroixka badute, helduta daudenaren seinale. Bestetik, barazki ezin hobe bat landatzeko azken txanpan gaudela ere gogoratzen digute Igartubeititik, kuiatxoa edo «kalabazina». Berez landatuta beharko luke baina oraindik ere egin daiteke, ez bagara asko atzeratzen.

«Eguzki zalea eta bero zalea dugu kalabazina. Aldi berean, lurrak aberatsa izan behar du materia organikoan. Hau da simaurra edo etxeko kompost-lurra erruz bota, nahiz zaharra edo berria izan. Kuiatxoak lore oriska bat ematen du. Batzuk harrak eta besteak emeak. Intsektuek, polena lore harretan hartu eta emeetara eramango dute, eta azken hauek emango dute atseginez jango dugun fruitua, lore eme jangarria», azaltzen dute baserritik.

Landatzeko garaian kontutan izan beharrekoa distantzia da, batetik bestera metro beteko distantzia gutxienez utzi behar delarik. «Landatzeko, zuloa egin eta simaur pixka bat jarriko dugu eta bertan landatu, lurrarekin estaliz. Inguruan orbela, edo lasto pixka bat jartzea ere ez legoke gaizki, ura hobeto mantentzeko», diote.

Uzta jasotzeko garaian, txikiagoak daudenean jasotzea komeni da, honela samurragoak egongo baitira. Behin bilduta ongi manten-tzen da leku lehor eta freskoetan, lasto gainean esaterako.

Soil soilik bero handiko egunetan ureztatu beharko da.

Ingurunea

Uztailarekin batera datoz lehenengo fruituak. Lehenik hezurra dutenak etorriko dira: gereziak eta aranak esaterako, eta laster hasiko dira pepita dutenak: udarea eta sagarra. Azken hauek anitzagoak dira hemen, urte askoan landu izan direnaren seinale. Orain hasi eta urte amaierara arte ematen jarraituko dute.

Hilabete honetako landa paisaiaren beste adierazleak belarra moztutako soroak dira. Izan ere, ekaina amaiera eta uztaila hasiera belarra mozteko garaia da, negu sasoian, ganadu ikuiluratzen denean zer jana izan dezan. Beraz ez da harritzekoa izango landa inguruetan belarra moztuta ikustea edo belar fardoak han-hemenka.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos