'Igartubeiti irudikatzen' sormen tailer berria

Tailerra. Larunbat arratsaldean haur eta euren familiei zuzendutakoa. /  GALILEA
Tailerra. Larunbat arratsaldean haur eta euren familiei zuzendutakoa. / GALILEA

Korrika 2019ren ospakizuna dela eta, Kirikoketa ikastaroa atzeratu egin da, maiatzean egingo da

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asteburu honetan bi tailer desberdin aurrera eraman behar ziren Igartubeiti Baserri Museoan, baina hilaren 13an Korrikak gure herria zeharkatuko duela kontutan hartuz, goizean ospatu behar zena atzeratzea erabaki dute baserri-museokoek, arratsaldekoa mantenduz.

Larunbatean arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara aurrera eramango da haur eta euren familiei zuzendutako tailer hau. Sormen tailerra izango dugu oraingoan eta 4 eta 12 urte bitartean dituzten familiei zuzenduta egongo da. «Parte hartzaileek material ezberdinak erabiliz Igartubeiti irudikatuko dute», azaltzen dute Igartubeititik. Aurrekoetan bezala tailer honen prezioa 3 eurokoa izango da, beti ere Famili Txartelarekin deskontuak egingo direlarik.

Ederki pasatzen dute haurrek Igartubeitiko tailerretan eta apirilari dagokionez, hau izango da bertan aurrera eramango den bakarra, aurrerantzean helduei zuzendutako beste bat ospatuko delarik.

Kirikoketa

Esan bezala hilaren 13an goizean aurrera eraman behar zen ikastaroa bertan behera geratu da Korrikaren ospakizuna dela eta. Aurten bigarren aldiz, Kirikoketa ikastaroa ospatu behar zen Igartubeitin, honetan 16 urtetik gorakoek parte hartu dezaketelarik. Aukeratutako data berria maiatzaren 18a (larunbata) izan da eta ikastaroa goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean aurrera eramango da, Juan Mari Beltranen eskutik oraingoan ere.

«Juan Mari Beltranek eskainiko duen ikastaro honen helburua, Igartubeiti Museoan ospatzen den sagardo astean, kirikoketa saioa eskainiko duen taldea sortzea da», azaltzen dute Igartubeititik.

Bai asteburu honetako familien ikastaroan eta baita Kirikoketa tailerrean partehartzeko ere aldez aurretik izena eman beharko da, honetarako Igartubeitio Baserri Museoko 943 72 29 78 telefono zenbakira deituz edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatziz.