Igartubeiti baserri-museoa familian ezagutzeko aukera Martintxorekin

Tailerra. Larunbat arratsaldean Igartubeiti Irudikatzen tailerra aurrera eraman zen Interpretazio Zentroan. /  IGARTUBEITI
Tailerra. Larunbat arratsaldean Igartubeiti Irudikatzen tailerra aurrera eraman zen Interpretazio Zentroan. / IGARTUBEITI

Aste Santuan zehar, opor egun guztietan, zabalik egongo da Igartubeiti baserria | Familiei zuzendutako tailer berriak maiatzan zehar aurrera eramango dira, hauen artean, Kirikoketa ikastaroa

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Lau eta hamabi urte bitarteko zortzi haurrek beraien gurasoekin batera parte hartu zuten larunbat arratsaldean Igartubeitin aurrera eramandako tailerrean. Ederki pasatu zuten bertan eta datozen Aste Santuko opor egunei begira ere, bisita bereziak eskainiko ditu baserri museoak.

Material desberdinak erabiliz Igartubeiti irudikatu zuten larunbateko tailerreko parte hartzaileek. Goizean Korrikak zeharkatu zuen herria eta arratsaldean, sormenezko tailer honetan parte hartzeko aukera izan zuten txikiek, ederki pasatuz. Apirilari dagokionez, ez da tailer gehiagorik egingo, baina oporretan bisita bereziak izango ditugu.

Martintxo

Aurreko urtean jarri zuten martxan eta harrera ona izan du proiektu honek baserri museoan. 'Martintxorekin bisita' egiteko aukera eskaintzen duen proiektua dugu hau, honekin etxeko txikiei baserri-museoa gurasoekin bisitatzeko aukera eskaintzen zaielarik, jolas desberdinen bitartez.

Igartubeiti Baserri Museoa bisitatzen duten familiak sei urtetik gorako haurrentzako zuzenduta dagoen foileto didaktikoa aurkituko dute laguntza material bezala. Foileto honekin, umeek era independiente eta dibertigarri batean baserriko sekretu guztiak ezagutuko dituzte. Ekimen hau Igartubeiti Familian programaren baitan dago, museoa bisitatzen duten familiek bisita autonomoa egiteko aukera izan dezaten.

Foileto didaktikoaren bitartez, Museoko sekretu guztiak ezagutuko dituzte Martintxok proposatzen dituen jolasen bidez. Horretarako, pista joko bat planteatzen da non museoan zehar ezkutatzen diren saguzahar ezberdinak aurkitzen joan beharko dira eta hauek topatzean joku bat egin beharko dute, baserrietako bizimodua ezagutzeko, esate baterako: dolarea, sagardoa egiteko makina, Paisaiaren bilakaera maketa, baratzea, baserriko objektu, tresna eta lanabesak, animaliak, etab.

Aste Santua

Igartubeiti Baserri Museoak Aste Santuko egun guztietan irekiko ditu bere ateak, apirilaren 18tik (bihar) apirilaren 22ra, bi egunak barne, zabalik izango da goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

Egun hauetarako museoan izango diren jarduerak honakoak izango dira: alde batetik, azaldutako 'Igartubeiti Baserri Museoa familian!' foileto didaktikoa; eta bestetik, bisita gidatuak. Egunean zehar hiru izango ditugu: 11:00etan euskaraz, 12:30ean gazteleraz eta arratsaldeko 17:00etan euskaraz edo gazteleraz.