Igandeko hauteskundeetan parte hartzeko, Ezkioko Anduaga Etxera

Bozketa. Itsaso udalerri izateko prozesuari bai edo ez bozketa 2016an izan zen. / GALILEA
Bozketa. Itsaso udalerri izateko prozesuari bai edo ez bozketa 2016an izan zen. / GALILEA

Maiatzaren 5ean goizean, Itsasoko Udaletxean eta Alegiko elkartean, Batzordea osatzeko bozketa izango da

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Igandean hauteskundeak ditugu eta bozketa egiteko garaian, Ezkiora gerturatu beharko dira itsasoarrak, oraindik ere estatu mailan udalerri bat bezala aitortu gabe egonda, legalki Ezkio-Itsaso herria jarraitzen izaten du eta. Gaur egungo Itsasoko egoera herritar guztiei ezagutarazteko, azken Herri Batzarreko puntu gisa jorratu zuten: eman diren pauso guztiak zerrendatu eta hemendik aurrera egin beharrekoak azaldu zituzten.

«Oraindik Madrilen Itsaso moduan inskribatu gabe jarraitzen dugu, baina notizia izan da Aldundiak inskripzioaren ukatzeari ezarritako errekurtsoa tramitera onartua izan dela, eta beraz Madrileko Tribunal Supremoak ebatzi beharko du epaia», azaldu zuen Udalak azken Herri Batzarrean. Bide batez, Imanol Lasak Itsaso herriarekiko babesa berretsiz egindako adierazpen esanguratsuak aipatu zituzten ere.

Honez gero, sententzia izan artean eta igandeko hauteskundeei begira, itsasoarren egungo egoera eta egin beharrekoak azaldu zizkieten herritarrei. Horrela, igandean (hilak 28) Madrilgo Kongresu eta Senaturako Santa Lutziko udaletxera joan beharko dute bozkatzera.

Bestetik, datorren maiatzaren 26an Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Europarako hautestontziak ere Santa Lutziko udaletxean izango dira. «Bertan ere, Ezkioko Udala hautatzeko mahaia izango da, baina itsasoarrok ez dugu horretan parte-hartuko», adierazi zuten.

Itsasoko Udala osatzeko, Batzordea aukeratzeko prozesua aurrera eramango da berriro ere eta ondoren Foru Aldundiak onartuko du.

Aurrekoan egin zen bezala, Itsasoko Udalaren kudeaketa herritarrengandik gertutasunean, begirunean, gardentasunean eta partaidetzan oinarritzea nahi dela aipatu zuten, eta horretarako erabaki batzuk hartu ziren: itsasoarrek askatasun osoz edozein herritarrei bozka emateko aukera izatea (gehienez bost izen); bozkarako eguna maiatzaren 5a, igandea, izango da; bozkarako lekuak, Itsasoko Udal Aretoa eta Alegiako Elkartea izango dira eta bakoitzean bina mahaikide egongo dira; bozketaren ordutegia goizeko 10:30etatik 13:30etara izango da; eta jarraian kontaketa irekia aurrera eramango da mahai bakoitzean. Azken emaitza Udal Aretoan jakingo da.

Etxez etxe

Bozka emateko Itsason erroldatutako 16 urtetik gorakoek eskubidea izango dute. Etxe bateko bozka guztiak familiako batek eramateko aukera izango du; norbaitek ezingo balu, botoa aldez aurretik Udalean uzteko aukera ere izango du. Azkenik, aurrez papeletak sobreetan sartuta etxez etxe banatuko dira.

Talde osatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak azken Herri Batzarrean jorratu ziren. Bertan parte hartu zuten herritarrak taldetan banatu eta egindako lanketaren ondorio honako hauek zerrendatu ziren: orain arte Udalean parte hartu dutenen ezagutza, esperientzia eta jarraikortasunari eustea; herriko eremu/zozkera desberdinetakoak izatea eta etxe bakoitzetik bakarra; ahal bada behintzat, adin eta belaunaldi guztiak ordezkatuak izatea; gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bermatzea; eta azkenik, prestakuntza eta ibilbide anitzez lantaldea aberastea.