Ibilgailu astunen zirkulazioa bideratzeko lanean ari da Udala

Gabiria. Aurrean, Gabiriara doan bidea. /  GALILEA
Gabiria. Aurrean, Gabiriara doan bidea. / GALILEA

Baliogabetu zenetik arazo handiak sortzen ari dira, ibilgailu astunek auzoa zeharkatu behar dutelako, besteak beste

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Santa Lutzi auzoa zeharkatzen duen errepide generalaren albo batean, bidegorriaren jarraipena eraiki zen orain dela hilabete batzuk zegoen zatiarekin lotuz, eta, honekin batera, Diputazioak auzoko irteera baliogabetu egin zuen. Honen ondorioz, asko dira auzoan sortzen ari diren trafiko arazoak eta Udala lanean ari da berriro ere Diputazioak irteera hori zabaldu dezan, ibilgailu astunentzat bakarrik bada ere.

Udaletxearen atzekaldean kokatzen da gaur egun auzoko sarrera, hau ere irteera bezala erabiliz; puntu bakarra sartu eta irtetzeko, beraz, auzoan bertan buelta ematera derrigortuta daude bizilagun eta erabiltzaile guztiak. Honetaz gain, Santa Lutzitik Gabiriara doan bidean baserri, pinudi eta tailer bat dago, eta, lehen eliza parean zegoen irteera itxita egonda, ibilgailu guztiak, astunak ere, auzoa zeharkatu behar dute errepide honetara iristeko, honek dakartzan eragozpenak kontutan hartuz. «Etxebizitzak, Udaletxea, liburutegia, elkartea..., bizia duen kale bat da eta nahiz eta ordu batzuk lasaiak izan trafikoari dagokionez, beste batzuetan mugimendu handia dago. Arriskutsua izateaz gain, buxadura sortzen da kalearen amaieran maiz, eliza parean, auzotik irtetzeko bertan buelta eman behar delako», dio Jose Ignacio Etxezarretak, Ezkioko alkateak.

Ezkioko Udalak bidegorria amaitu eta, denbora gutxira, zati hau trafikoari berriro ere irekitzeko eskaera egin zion Diputazioari, buxadura sortzen zelako; baina ezezkoa jaso zuen.

Bigarren eskaera bat egin zen orduan. Honetan, ibilgailu arrunten trafikoa auzotik zeharkatzea mantentzea onartu zuten, baina ibilgailu astunentzat zati hori irekitzea eskatzen zuten, auzoa zeharkatu ez dezaten; berriro ere ezezkoa jaso zuten, ordea.

Astunentzat itxita

Bi erantzun hauen ondorioz, erabaki bat hartu du Udalak, barne errepidea trafiko astunari ixtea. Hau da, momentu honetan, Santa Lutzi barrutik trafiko astuna ezin da pasa eta, honen ondorioz, Gabiriako bidea ezin dute erabili beraien helmugara iristeko.

«Gabiriako Udalarekin harremanetan gaude eta hauek gurekin %100 ados daude. Diputazioarekin bilera bat egiteko ere zain gaude, behintzat, bide irteera hau ibilgailu astunentzat ireki dezaten. Santa Lutzi txirrindulari proba ospatu zenean sekulako buxadura sortu zen auzoan, adibidez», alkateak.

Etxezarretak dioenez, Diputazioak jartzen dituen arrazoi batzuekin ados daude, «ulertzen dugu 300 metrotan bi sarrera egotea ez dela ohikoa, baina, kasu honetan, eragozpen handiak sortzen ditu sarrera bakarra izateak. Orokortasuna kasu honetan aplikatzea ez dugu egokia ikusten», azaltzen du honek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos