Herriko Udalak eta Foru Aldundiak lankidetzan berrituko dute frontoia

Pilotalekua. Sinatu ondoren herrigunea bisitatu zuen Denis Itxasok, alkatearen azalpenak jarraituz./
Pilotalekua. Sinatu ondoren herrigunea bisitatu zuen Denis Itxasok, alkatearen azalpenak jarraituz.

Pilotalekua euritik babestu, paretak konpondu eta eskola zaharreko eraikuntza egokituko dute

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Orain dela aste batzuk ezagutu genituen Ezkioko gunean Udalak egin nahi dituen berrikuntza eta aldaketen gorabeherak, hauek herritarrekin hitz egin eta adostu ostean. Proiektua aurrera doa jada eta atzo goizean herriko alkatea den José Ignacio Etxezarretak eta Kultura eta Kiroleko diputatua den Denis Itxasok hitzarmen bat sinatu zuten, honez gero herrigunean egin beharreko obrak lankidetzan aurrera ermango direla aitortuz. Obra honen guztiaren kostua 163.870 eurokoa da etaForu Aldundiak 79.382 euroren ekarpena egingo du.

Ezkioko herrigunean kokatzen den pilotalekuak gabeziak ditu, batez ere euri eta haize asko egiten duenerako. Izan ere, pilotalekuaren zati bat estali zen 2010ean, baina ez da nahikoa izan. Kontserbazio egoerari dagokionez, ez da egokia, eta bai frontisak eta bai alboko paretak ere jokorako oztopo diren altxatuak eta pitzadurak dituzte. Egoera horren eraginez, Ezkioko biztanleek eskatu dute kirol instalazio hori konpontzea, herritar orori irekita dagoen instalazioa baita.

Proiektua

Proiektuak hiru jarduketa mota planteatzen ditu. Alde batetik, pilotalekuaren barrualdea euritik babestuko da eta horretarako, polikarbonato zelularreko xafla berriak jarriko dira ekialdeko eta iparraldeko fatxadetan estali gabe dauden zuloetan. Bestetik, hondatuta dauden paretak konponduko dira, eta horretarako, egungo estaldura hondar-zurrustaz kenduko da lehendabizi, ondoren morteroaz zarpiatuko delarik, eta azkenik margotu. Eta hirugarrena, eskola zaharraren ondoko eraikinaren behe-solairuan bi komun jartzea izango da, horietako bat egokitua; komunetara eraikinaren barrutik nahiz kanpotik sar-tzeko aukera egongo da. Behe-solairuaren gainerakoan erabilera osagarriak jarriko dira, halanola aldagelak eta bilera-gela.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere,Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Itxasok atzoko ekitaldian nabarmendu zuenez, «planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen %80ri; guztira 53,8milioi euroko inbertsioa eginda, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du».

«Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela,haien bizi kalitatea hobetzeko», esan zuen Itxasok.

Bai Ezkioko Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankide-tzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Apaiz-etxeaa

Momentu honetan konfirmatzeke jarraitzen duen puntu gisa, apaiz-etxearen atzekaldeko lorategiari dagokiona dugu. «Elizaren erantzunaren zain gaude oraindik, beraz momentuz obraren azken atal hau ezin da konfirmatu. Elizakoei planteatu zaiena lorategi honen lagapena da, eta hau horrela izanez gero, horma bota egingo zen, lorategia txukundu, eta aisialdi-gune bikaina izango genuke bertan», azaltzen du Etxezarretak.

Obra hauetaz gain, paraleloki, hobekuntza batzuk egingo dira herriguneko errepidean: lorontzi handi batzuk kokatuko dira sarrerarik ostaturako bidean eta zebra bideak ere margotuko dituzte. Alkateak aipatzen duenez, trafiko eta segurtasun arazo batzuk identifikatu dituzte herrigunean eta obra honen barruan puntu hau kotutan izango dute hobetzeko.

Obra hau guztia aurrera eramango duen enpresaren izena hurrengo astean jakingo dugu gaur zabaldu baitituzte eskaintzak.