Herriguneko pilotalekuko obrak irailaren bukaeran amaituko dira

Parke berria. Pilotalekuaren ondoan kokatuko da. / GALILEA
Parke berria. Pilotalekuaren ondoan kokatuko da. / GALILEA

Honekin batera ere ondoko eraikuntza berrituko da, komun publikoak eraiki eta parke berria jarriko da bertan

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Herriguneko frontoian eta inguruan egin behar diren berrikuntzen obrak ekaina erdialdera hasi ziren, mediku etxe zaharrekoak bezala, eta hauek martxan daude dagoeneko, irailaren amaierarako gauzatuta egongo direlarik. Antio Eraikuntzak enpresa izango da bi obra hauek gauzatuko dituena.

Alde batetik mediku etxeko igogailua eta teilatuaren konpontzea dugu, hauek behar dituzten baimenak lortu ondoren aste honetan martxan jarri direlarik; eta bestetik, herriguneko pilotalekua konpondu eta ondoko erabilera anitzeko eraikuntza txukuntzearen lanak ditugu. Azken hauek ere Antio Eraikuntzak enpresa aurrera eramaten ari ditu eta hauetan ere martxan ari dira, beraiek esandakoaren arabera irailaren bukaerarako guztiz amaituta egongo direlarik.

Ezkioko herrigunean egingo den proiektua nahiko orokorra da. Alde batetik frontoia berriztatu eta egokituko dute, izan ere momentu honetan hezetasun arazoak daude, eta horregatik konponketa batzuk egin behar dira eta hau berriro ere margotuko da. Bestetik, bere garaian eskola izandako eraikuntza ere berrituko da beste funtzio batzuetara egokitzeko, izan ere erabilera anitzeko gunea egiteko intentzioa dago bertan.

Herritarren eskaera

Orain arte, herritarrak bertan bildu dira eta ekintzaren bat egin izan da eraikuntza honetan, baina orain hau egokitzea da helburua, erabilera desberdinak izateko: pilotalekura joaten direnek aldatzeko leku bat izan dezaten, adibidez, eta baita herritarrek egindako eskarietako bati erantzuna emateko, hain zuzen, komun publikoak eraikitzea.

Antio Eraikuntzak enpresatik diotenez, barruko egitura nola izan beharko den aztertzen egon dira eta banaketak nola egin zehazten. Orain lanak martxan daude dagoeneko, eta irailaren bukaeran amaituko direla ziurtatu dute.

Pilotalekuaren ingurunearen berrikuntza borobiltzeko, ondoko zelaitxoa eta parkea ere berrituko dira, jolasteko gune berria jarriko delarik; aurreko egun hauetan ere zein jolas mota jarriko diren erabakitzen egon dira.

Bestetik, bertan dagoen hormako baranda ere aldatu egingo da, segurtasun arazoak saihesteko berria jarriko dutelarik.