Hamalau gaztetxok parte hartuko dute udalekuetan

Udalekuak. Kirol anitzetan ibiltzeko aukera ere ez da faltako aurten./
Udalekuak. Kirol anitzetan ibiltzeko aukera ere ez da faltako aurten.

MIRYAM GALILEAITSASO.

Ikastetxe gehienetan ostirala honetan amaitzen dira klaseak eta haur eta gaztetxoek udako oporrei hasiera emango diete, eta hauekin batera astelehenean Itsason udalekuetako lehenengo ekintzei ere hasiera emango zaie.

Ekainaren 24ean, astelehena, hasi eta uztailaren 19ra arte aurrera eramango dira Itsasoko Udalekuak. Aurrekoetan egin izan duten bezala eta formato honek izandako arrakasta ikusita, lau astez, lau gai edo proiektu desberdin jorratuko dituzte haur eta gaztetxoek. Guztira hamalau bizilagunek parte hartuko dute herriko udalekuetan; kontutan izan beharra dago matrikula astez aste egiten dela eta astero parte hartzaileen kopurua aldatzen dela, aukeren arabera.

Proiektuak

Astelehenetik aurrera, lehenengo astean (ekainaren 24tik 28ra), bideo jokoak eta robotika landuko dituzte, honetarako Itsason bertan elkartuko direlarik.

Bigarren astean, uztailaren 1etik 5a arte, kirol anitzetan aritzeko aukera izango dute herritar gazteek Alegia auzoan; hilaren 8tik 12ra sukaldaritza eta zeramika tailerrak aurrera eramango dira Itsason bertan; eta azkenik, uztailaren 15etik 19ra berriro ere sukaldaritza eta zeramika izango dituzte.

Lau aste hauetan aurrera eramango diren udalekuak goizeko 10:30ean hasi eta 12:30ak bitartean ospatuko dira. Ordutegi hau autobusekoarekin bat dator, haurrak behar duten auzora gerturatzeko; txikiek zaintzailea izango dute.