'Ezkutuko Altxorrak' bi bisita gidatu antolatu ditu asteburu honetan

Antioko baselizara bisita berezia egingo da larunbatean. /
Antioko baselizara bisita berezia egingo da larunbatean.

MIRYAM GALILEAITSASO.

Ignaziotar lurraldea sakonean ezagutzeko aukera ematen duen Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuen egitaraua aurrera doa eta gure bailarari dagokionez, bi leku berezi hobeto ezagutzeko aukera izango dugu asteburu honetan: Antioko Baseliza eta Interpretazio Zentroa eta Urretxu eta Zumarragako transformazioa: trenbidea eta industria.

Programa honek, Gipuzkoako Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdetako XVI. mendeko hain ezagunak ez diren harribitxiak aurkezten dizkigu. Bisitariari, gure lurraldeari estuki lotutako eta normalean ikusten ez diren baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ikusi, ezagutu eta interpretatzeko aukera ematen dio, orokorrean jendearentzat irekiak ez daudelako, edota haiek erakusteko giza-baliabideedo baliabide materialik ez dagoelako.

Lehenengo bisita larunbatean izango da, goizeko 11:30ean hasiko delarik. Kasu honetan, Antioko baseliza eta Interpretazio Zentroa mokadutxoarekin ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Bisita honen bitartez, Antioko baselizaren egurrezko barnealdea mirestu eta Interpretazio Zentruan egindako ibilbidearen bidez, baselizako istorioa eta Zumarragako eta eskualdeko bizimodua ezagutzeko aukera egongo da.

Igandean, goizeko 11:30ean ere, 'Urretxu eta Zumarragako transformazioa: trenbidea eta industria' bisita aurrera eramango da. Oinez egingo den ibilbide honen bitartez trenbideak eta industriak Urretxu eta Zumarragako herrietan sortutako aldaketak eta historia ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Izena emateko aldez aurretik 943 72 20 42 telefono zenbakira deitu beharko da, bihar azken eguna izango delarik.