Ezkioko Pilota Eskolako lehenengo festa ospatzen da gaur herrian

Pilota eskola. Aurreko ostiralean aurrera eraman zen azken entrenamendua, honetan kamiseta berriak estreinatu zituztelarik. /  GALILEA
Pilota eskola. Aurreko ostiralean aurrera eraman zen azken entrenamendua, honetan kamiseta berriak estreinatu zituztelarik. / GALILEA

Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak eta bukatzerakoan mokadua eta sari banaketa ere ez dira faltako

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Urrian sortu zen Ezkioko Pilota Eskola eta aurreko ostiralean ekipazioa estreinatu zuten hamalau haur eta gazteek. Oraingoan Pilota Eskolako jaia dugu esku artean, hau gaur goizean zehar aurrera eramango delarik Ezkion.

Goizeko 10:00etan hasiko da Ezkioko Pilota Eskolako jaia herrian. Herriko pilotalekuan elkartu eta 5-8 urteko haurren partidak hasiko dira, helduak bikote dituztela. Partidak sei tantotara izango dira eta tantoak haurrek soilik egin ahalko dituzte. Helduak pilota jaso eta haurrei botako die umeek tantoa egiten saia daitezen. Sakeak haurrek egingo dituzte beti. Antolatzaileek gogoratzen dute partidu hauen helburua umeek duten oinarria eta jolasteko gogoa erakustea dela; beraz, sei iristean partida bukatuko da irabazle edota galtzaile gabe.

Jarraian, goizeko 11:00etan zor- tzi urtetik aurrerakoen partidak hasiko dira. Hauetan lau bikotek parte hartuko dute: Mendizabal eta Osinalde II; Ayastui II eta Iturralde; Mantekon eta Garmendia; Lizarralde eta Unzurrunzaga. Kasu honetan partidak 14 tantotara izango dira.

Eguerdiko 12:00etan haurren mokadutxoa egingo da eta ondoren, nagusien partida hasiko da, Ezkioko Alberdi anaiak iazko Ezkioko pilota txapelketako irabazleen aurka (Gaiurralde eta Txus). Partida buka-tzerakoan sari banaketa eta mokadutxoa egongo dira.