Euskal dantzak ikasteko aukera zabaltzen du Udalak

Dantza. Herriko festa eta ospakizunetan beti egoten dira dantzariak. / GALILEA
Dantza. Herriko festa eta ospakizunetan beti egoten dira dantzariak. / GALILEA

Oinarrizko dantzak, erromerietakoak edota festa berezietan dantzatzen direnak irakatsiko dira

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Tailerrak, irteerak, ikastaroak, hitzaldiak, kirol-planak... eskaintza zabala dago gure herrian, haur eta helduei zuzendutako aukera desberdinekin, eta oraingoan beste berri bat luzatzen du herriko Udalak, euskal dantzak ikastekoa hain zuzen ere.

Herriko eta auzoetako festatan, edo bestelako ospakizunetan, inoiz ez dira falta dantzariak Ezkion eta dantza gogo hau herritarretan pizteko ikastaro berri batekin dator Udala.

Haur, gazte eta helduei luzatzen zaie deialdia, ikastaro honetan oinarrizko dantzak, erromeriako dantzak eta festa berezietako dantzak irakatsiko direlarik.

Parte hartu

Izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko eta urriaren 14ra arte (astelehena) egongo da irekita. Parte hartu nahi dutenek herriko Udaletxera deitu beharko dute 943 721 303 telefono zenbakira. Ikastaroa aurrera eramateko eguna eta ordua izena eman ondoren egingo den bileran erabakiko da, guztien artean.