Erregeen Kabalgatan parte hartuko dute Iburreko zaldiek

Heraldoa. Aurreko urtean ere Iburreko zaldiekin. /  IBUR
Heraldoa. Aurreko urtean ere Iburreko zaldiekin. / IBUR

Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Heraldoa Udaletxetik eta arratsaldeko 18:00etan hasiko da Kabalgata

GALILEA ITSASO.

Gabonetan zehar ospakizun desberdinak aurrera eramaten dira herrian, Olentzeroa atarian kokatzea, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Gabon erronda..., baina urtea hasi berri eta Errege Eguna gertu dugula, inguruko herrietara gerturatzen dira bizilagunak Erregeen Kabalgata ikusteko asmoarekin, bertan ez baitago.

Gertutasunagatik izango da, itsasotar asko Ormaiztegira joaten dira Errege bezperan ospakizun berezi honetaz gozatzera, Kabalgata honetan gainera herriko Ibur Hipika klubekoek parte hartzen dutelarik.

Badira urte dexente Ormaiztegin ospatzen den Erregeen Kabalgatan, eta honen aurretik arratsaldeko lehenengo orduan aurrera eramaten den Heraldoan parte hartzen dutela Ibur Hipika Klubeko zaldiek, eta oraingoan ere hitzordua beteko dute. Abenduan zehar ekintza ugari aurrera eraman dira Itsasoko zalditegian: jolasak, ibilaldiak, ospakizunak... eta urtea hasi berri dela, urte beteko programa luzea esku artean dutela, Erregeen Kabalgatan parte hartzea dute beraien lehenengo ekintza, honetan oso gustura aritzen direlarik.

Egitaraua

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira gaur Ormaiztegin ekintzak, Erregeen Heraldoa herriko Udaletxetik abiatuko delarik.

Ibur Hipika Klubeko zaldiak izango ditugu orduan protagonisten artean, Ormaiztegiko kaleetan zehar Erregeen etorreraren berri emateko. Musikaz lagundurik, kalez kale desfilean gustura parte hartuko dute honetan ere zalditegikoek.

Pregoiarekin amaitu eta atsedena hartu ondoren, gaua sartu bezain pronto Erregeen Kabalgata hasiko da, arratsaldeko 18:00etan hain zuzen.