Ekintzaz jositako egitaraua izango dugu Aste Santuko opor egunetan

Ekintzak. Igartubeiti Martintxoren laguntzaz bisitatzeko aukera izango dute familiek. /  GALILEA
Ekintzak. Igartubeiti Martintxoren laguntzaz bisitatzeko aukera izango dute familiek. / GALILEA

Goitiberak Speeddown Europa Cup-a hilaren 20 eta 21 ean Legazpin | 18an hasi eta hilaren 28ra arte museoetara bisitak, tailerrak eta jolasez gozatzeko aukera izango dute familiek

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Aste Santuko oporrak gainean ditugu eta gutxienez hamar egunetan etxeko txikiek eskolara joan beharrik gabe ederki pasatzeko aukera izango dute gure herrietan, honetarako Turismo sailetik ekintza ugari antolatu dituztelarik; hilaren 18an hasi eta hamar egunetan zehar aurrera eramango dira.

Aurreko urteetan izandako harrera bikaina dela, Burdin haraneko museoak, Igartubeiti, Aikur, Erraizabal, edota Ormazarreta bezalako empresa pribatuak eta udaletxeak elkartu dira berriro ere eta Aste Santua eta Pazko Asterako eskualdeko museo eta baliabide ezberdinekin eskaintza zabala osatu dute, famili plan hauekin hamar egunetan zehar, goizez eta arratsaldez, etxeko guztiek ederki pasatu eta ikasteko aukera izango dutelarik.

Familien Turismora fokuratuta dagoen egitasmo hau apirilaren 18tik 28ra bitartean burutuko da eta urtean zehar dauden museotarako ohiko bisitez gain, ekintza eta tailer desberdinak egiteko aukera ere izango da.

Egitarauari begirada bat botaz, Aste Santuko egunak ekintzez josita etorriko dira. Ostegunean, hilak 18, lau eskaintza egongo dira egunean, bailarako herri desberdinetan. Goizez Aikur erle museoa bisita- tzeko aukera egongo da; eta bai goizez eta baita arratsaldez ere, Antioko baseliza, eta Igartubeiti baserri museoa. Hauetaz gain Chillida Lantoki, Erreizabal, Igaralde, 50. hamarkadako eskola eta Langileen ibilbidea ere bisitatu ahalko dira. Azken hauek guztiak egunero zabalik izango ditugu, beti ere hitzordua aurretik hartzen bada, honetarako Mirandaolako turismo bulegora deitu beharko delarik (943 730 428).

Hamar egunetan ere, egunero, Ormazarreta zalditegiak eskaintzen dituen planak izango ditugu aukeran: zalditegia bisitatu, garbitu, jaten eman, ekipoa eta pistan zaldiz ibili... Bi orduko ibilaldiak ere badira. Ekintza hauen inguruko informazio gehiago eskuratzeko 616 267 685 telefono zenbakira deitu.

Ostiralean, berriro ere Aikur museoa, Antioko baseiza eta Igartubeiti izango ditugu aukeran, eta hauei Mirandaolako Burdinola gehituko zaie, goizeko 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan bisitak aurrera eramango direlarik.

Larunbatean osteguneko egitarau berdina izango dugu, eta honetaz gain, Goitiberak Speeddown Europa Cup-a ere hasiko da Legazpin. Arratsaldeko 14:00etan moztuko dute errepidea (Motxorro eta Aztiri tartea) eta 15:00etan hasiko dira entrenamenduak. Hurrengo egunean, apirilaren 21ean, goizeko 8:30etan errepidea moztu eta 9:15etan bigarren jaitsiera ofiziala izango da. Arratsaldeko 18:30ak inguru amaituko da lasterketa. Gogoratzen da lasterketa hau Europako Kopa eta Espainiako Koparako baliogarria izango dela; 2'5 kilometroko ibilbidea egingo dutela eta antolatzaileek azaltzen dutenez, Aztiriko maldan 80-90Km/h-ko abiadura hartuko dutela. Ekitaldi honen inguruko informazio gehiago eskuratu ahal izateko www.maldanbehera.com web orrira jo daiteke.

Azkenik, igandean ere, ostiralean izan bezala, Mirandaolako Burdinola bisitatzeko aukera egongo da.

Pazko Astea

Antioko baseliza eta Igartubeiti bisitatzeko aukera Pazko aste osoan zehar mantenduko da, bisita gidatuak egoteaz gain, Igartubeitiren kasuan Martintxorekin batera familiek euren kabuz museoa eta baserria ezagutzeko aukera izango dutelarik.

Bi ekintza hauetaz aparte, astelehenean arratsaldeko 16:30etatik aurrera Haur Jolasak izango ditugu Antioko zelaian, txokolatada, herri kirolak eta erromeria ere faltako ez direlarik. Ekintza hauek guztiak doakoak izango dira bertaratzen diren guztientzat.

Asteartetik ostiralera 'Aisialdirako gunea' kokatuko dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan, honetan hiru eta hamaika urte bitarteko haurrek ederki pasatzeko aukera izango dutelarik. Gune honen ordutegia ondorengoa izango da: goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etan zabaldu eta 19:00etan ateak itxiko dituelarik. Sarrerak pilotalekuan bertan erosi ahalko dira: 2,5 euro saioa eta 4 euro egun osoa. Azkenik, Pazko Asteko asteburua dugu, bi egun hauekin Aste Santuko ekintza bereziei agur esango diegularik. Horrela, asteburuan Aikur Erle Museora bisitak bueltatuko dira goizeko 11:00etan eta 12:30etan aurrera eramango direlarik; eta igandean berriro ere Mirandaolako Burdinola martxan ikusteko aukera egongo da.

Egun hauetako egitaraua zehatz mehatz eta ekintza guztien ordutegia ezagutzeko, bailarako bestelako informazioarekin batera, www.urolagaraia.com web orrira jo daiteke edo bailarako turismo bulegoetara gerturatu edo deitu: Antioko Turismo Bulegoa 943 722 042 telefono zenbakia edo turismobulegoa@urolagaraia.com helbidea; eta Mirandaolako Turismo Bulegoa 943 730 428telefonoa edo mirandaola@lenbur.com.