Ekintzailetza ezagutuz eta bultzatuz

Ekintzaileak. Lau ekintzaileek oroigarria jaso zuten saioaren amaieran, egun honetan parte hartu izana eskertzeko. /  GALILEA
Ekintzaileak. Lau ekintzaileek oroigarria jaso zuten saioaren amaieran, egun honetan parte hartu izana eskertzeko. / GALILEA

Ugleko ikasleek bailarako lau ekintzaileren esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten atzoko saioan | Ideia bakoitzaren sorrera, proiektuen garatzea, prozesuaren gorabeherak eta esperientzia anitzak ikusi zituzten

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Ekintzaileen hilabetea dugu maiatza Europa mailan eta urtero ospakizun honekin bat egiten dute Ugle Eskolan, astean zehar ikasleak kontzientziatu eta interesa pizteko ekintza desberdinak aurrera eramaten dituztelarik. Hauen artean, atzo goizean topaketa berezi bat ospatu zuten, bailarako lau ekintzaileekin solasaldia antolatuz.

Eguerdian ikus-entzunezko gela goi-zikloko lehenengo mailako ikasleekin betetzen hasi zen eta minutu gutxitan Juan Mari Aldanondok, ekintzaile proiektuen dinamizatzailea Urola Garaiko Lanbide Eskolan, ekitaldiari hasiera eman zion.

Pello Biainren gidaritzapean, lau ekintzaileen esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek atzokoan: Alberto Bezunartea, EkoOn enpresako kidea; Mikel Bravo, MKL Estudioa; Iakes Perez, Atten2-ko kidea; eta Ana Telleria, Zumardi enpresakoa. Hauekin batera ere Imanol Ituño magoaren saio pare bat izan ziren. «Ekintzailetza zabaldu eta ezagutarazteko ekintza desberdinak aurrera eramaten ditugu ikasturtean zehar eta hauetako bat mahai inguru hau dugu. Honekin, horrelako proiektu bat aurrera eramateko aukera hor dagoela ikusten dute; posible dela ideiak gauzatzea», azaltzen du Juanma Aldanondok.

Bultzada

Esperientzia anitzak eta hauek guztiak oso aberasgarriak. Ekitaldi atsegina, aberasgarria eta dibertigarria ere suertatu zen atzo goizekoa. Pello Bianen galderei banaka erantzun, ikasleekin eragin 'Kahoot'-en bidez prestatutako test-arekin; eta saioa arintzeko Imanol Ituño magoarek hiru saiotxo izan ziren.

Urte beteko enpresak martxan, urte gutxi batzuk lanean ari direnak, krisi garaian bertan sortutakoak edota hogei urte baino gehiago lanean dihardutenen esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izan zuten atzo Ugleko ikasleek. Ekintzaile bakoitzaren proiektuaren ideia nola sortu zen jakin ahal izan zuten; enpresa bakoitzak egiten duen lana; ekintzaile izateko zein den lehentasuna; nola lortzen den finantziazioa eta ea ezinbestekoa den proiektua aurrera eraman ahal izateko; beste enpresen konpetentziari buruz zer dioten.... Erantzun zintzoek eta esperientzia desberdinek osatu zuten atzoko ekintzaileen maila eta hauek mundu honetan gehiago sakontzeko aberasgarriak izan ziren. «Hamalau urte nituela banekien diseinuaren munduan lan egin nahi nuela», esaten zuen Mikel Bravok; edo «ikasketa desberdinak gauzatu, eskuekin abila naiz ere... eta proiektu honen parte izateko aukera eskaini zidaten», Iakes Pérez-ek.

Ikasleek arretaz entzun zuten lau ekintzaileek esandakoa, esperientzia bakoitzetik zerbait ikasteko aukera eskaini zuten bertaratutakoek eta ekintzailearen alde onak eta esperientzia ez hain onek ikasteko balio izaten dutela ere argitu zuten. «Oso garrantzitsua da zure buruan sinistea, gogoz eta gogor lan egitea, zure proiektuan sinistea, amorerik ez ematea, ausarta izatea, konpromezua izatea, sortzailea eta saiatua», zerrendatu zituzten lau ekintzaileek.

Ikasleen parte hartzea areagotu eta ekitaldia dinamizatzeko ere 'Kahoot' plataforma edo galdera-erantzun jokoa erabili zuten ekitaldian, hiruzpalau galdera bota eta norberak bere mugikorrarekin erantzuna aukeratu ahal izan zuelarik, jarraian erantzun zuzena ezagutuz.

Azkenik, aipatzekoa ere Imanol Ituño magoaren saio bikainak, ekitaldian zehar hiru eskaini zituelarik, berturatutakoak ahozabalik utziz guztietan. Txalo zaparrada ederra jaso zuen amaitzerakoan.

Urte asko dira Ugle-k horrelako ekintzak aurrera eramaten dituela, eszenatoki desberdinetan, eta «ikasleen erantzuna oso positiboa izaten da beti. Gertuko pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera izaten dute, askotan ekintzaile mundu honetan murgilduta daudenik jakin gabe», esan zuen Aldanondok.

Bestalde, ikasturtean zehar sortzen diren proiektuetan lagundu egiten du eskolak, hauek aztertu eta bidaratzen dituztelarik; eta azaroan Uggasarekin saio bat antolatzen da, agentziaren baliobideak eta eskolatik eskaintzen diren laguntzak azaltzeko.