Ehunmilak probarekin bat eginez

Bolondres. Guztira 26 itsasoar izan ziren bolondres astebukaeran zehar, ibilbidean zehar kokatutako postu eta anoa-puntuetan. / ITSASO A. B.
Bolondres. Guztira 26 itsasoar izan ziren bolondres astebukaeran zehar, ibilbidean zehar kokatutako postu eta anoa-puntuetan. / ITSASO A. B.

Jaione Sasieta herritarrak hirugarren postua lortu zuen aurtengo proban | Guztira 26 itsasoar izan dira bolondres asteburu honetan, ibilbideko puntu desberdinetan kokatu zirelarik

MIRYAM GALILEAITSASO.

Ohitura bihurtu dute itsasoarrek dagoeneko eta asteburua lanean aritu dira Ehunmilak probarekin bat eginez. Guztira 26 bolondres izan ziren igandeko Marimurumendin adibidez, eta eginkizunetan laguntzeaz gain, parte hartzaileak gogoz ere animatu dituzte.

Ostirala 19:15en aldera Ehunmilak-eko astebukaera luzeari hasiera eman ziotela aitortzen dute herritarrek, ordu horretan Ehunmilak probako lehen korrikalariak Kizkitzatik pasa zirelarik.

«Urteroko ohitura bihurtu den legez, itsasoar ugari gerturatu ginen Kizkitzan korrikalariei animoak ematera. Aurten gainera, beste behin, Jaione Sasieta herritarra geneukan korrika, eta txalo zaparrada artean pasa zen bertatik», azaltzen dute.

Jaione Sasietak seigarren aldiz egin du aurtengoarekin podiuma, oraingoan hirugarren postua lortu duelarik.

«Igandean, 26 bolondres bildu ginen Marimurumendi maratoiko anoa-postua martxan jarri eta korrikalariei behar bezalako harrera egiteko», diote. Mandubitik Arrobira arteko puntuez arduratu ziren eta Kizkitzako anoa-puntuaz ere. Giro ederrean joan zen goiza eta bertan bildutakoek Kizkitzan bertan bazkalduaz eman zioten agurra Ehunmilak lasterketari.