Batzorde Kudeatzailea onartuta, astelehenean eratuko da udal berria

Udalbatza. Batzorde Kudeatzaileko bost kideak. /  GALILEA
Udalbatza. Batzorde Kudeatzaileko bost kideak. / GALILEA

Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan izango da eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu udalak

MIRYAM GALILEAITSASO.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abuztuaren 1ean Itsaso udalerrian eratu beharreko Batzorde Kudeatzaileko kideen izendapena eta astelehenean ospatuko duten bilkuran hartuko dute hauek kargua.

Maiatzaren 5ean aurrera eraman zen Itsason hurrengo legealdirako Batzorde Kudeatzaileko partaideak proposatzeko bozketa. Honetan boto gehien jasotako hamar herritarren izenak ezagutu genituen, hauetako bostek Batzorde Kudeatzailea osatuko zutelarik.

Maiatzaren 10ean, boto gehien jasotako hamar herritarren artean bilera egin zen Udaletxean eta erabakitakoaren arabera, hautagaien behin betiko zerrenda osatu zuten: Gorka Sasieta Barrenetxea, Maixabel Olanga Zabala, Anttoni Okariz Gorrotxategi, Kaio Iraeta Otamendi eta Olatz Iza Maiora.

Maiatzaren 26ko Udal, Erkidego eta Europako hauteskunde prozesua amaitu ondoren, Itsasoko Udalak, proposatutako hautagaien zerrenda Foru Aldundira bidali zuen, azken honek izenda zezan. Egun honetan ez zen udal hauteskunderik izan Itsason, Estatuko Administrazio Orokorrak, hauteskunde horiek deitzeko eskumena duenak, ez duelako oraindik onartu udalerri independiente gisa. Aitzitik, bere garaian Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzen ukatu zion eta, aldi berean, administrazioarekiko auzi-errekursoa jarri zuen 27/2016 Foru Dekretuaren aurka. Bere aldetik, inskripzioa ukatzeko ebazpenaren aurka errekursoa jarri zuten Foru Aldundiak eta Itsasoko Batzorde Kudeatzaileak.

Horrenbestez, une honetan hiru prozesu daude irekita, baina auzi hau behin betiko ebazten duen epai irmorik gabe oraindik. Edonola ere, gogoratu behar da ezen 27/2016 Foru Dekretua indarrean dagoela eta ondorioak sortzen ari direla, inoiz ez bada etetea eskatu.

Egoera horren aurrean2019ko ekainaren 15ean toki-korporazio berriak eratu ostean, hurrengo lau urteetan edo dagokion epai irmoaren bidez auzia behin betiko ebatzi arte, gutxienez, Itsaso udalerria zuzendu eta kudeatuko duen batzorde kudeatzailea eratzeko beharra planteatzen da.

Maiatzaren 26an Ezkiok eta Itsasok bi udalerri gisa parte hartzeko ezintasunak eragindako egoera hau ohiz kanpokoa dela azaltzen zuen Aldundiak, eta ez dagoela araututa; eta arau-hutsune hori betetzeko analogiara jotzea da konponbidea: abiapuntuko egoera harentzat aurreikusitako araudia aplikatzea.

Horrela, maiatzaren 26 hartan Itsasoko udalak proposatutako hautagaien zerrenda hori uztailaren 30ean onartu zuen Diputatuen Kontseiluak.

Kargu hartzeak

Diputatu Kontseiluak onartuta eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuaren 1ean argitaratuta egonda, datorren astelehenean, abuztuak 5, Udala Eratzeko ekitaldia ospatuko da, Itsasoko Udal Aretoan, arratsaldeko 18:00etan.

Egun honetan Batzorde Kudeatzaile berriko bost kidek euren kargua hartuko dute, hain zuzen, Gorka Sasieta Barrenetxea, Anttoni Okariz Gorrotxategi, Kaio Iraeta Otamendi eta Olatz Iza Mayora. Udaletik herritarrak gonbidatu nahi dituzte ekitaldian parte hartzera.

Gogoratu behar da Itsasoko Udaleko Batzordeak hiru lantaldetan banatuta daudela: ekimen sozio-kulturalak, azpiegitura eta ingurumena, eta komunikazioa, partaidetza eta gardentasuna. Batzorde hauek herritar guztiei irekiak dira, beraz, nahi duten itsasoar guztiek parte hartzera gonbidatuta daude.