San Bartolome festetako egitaraua prest dute itsasoarrek

MIRYAM GALILEAItsaso

Oporretara joan aurretik etxeko lanak eginda utzi dituzte itsasoarrek, eta abuztuaren 23an hasiko diren San Bartolome jaien egitaraua prest dago dagoeneko. Abuztuaren 23an, 18:00etan hasiko dira jaiak, urtero bezala honetan ere pilota express txapelketa eliz-atarian ospatuko delarik. Hau amaitu eta lehenengo egunetik indarrekin hasteko Herri Afaria izango da ostatuan, Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariek girotuko dutelarik; eta hauekin batera ere Onintza Enbeita eta Aitor Sarriegi bertsolariak izango ditugu.

Afarian parte hartzeko ostatuan bertan eman behar da izena 943 880 315 telefono zenbakira deituz. Aurtengoan udalekuetan zehar haurrek egindako marrazkiekin apainduko dutelarik, erakusketa gisa. Hurrengo egunean, San Bartolome Eguna osaptuko da herrian, festetako egun handia, eta goizeko 11:00etan meza nagusiarekin hartuko du martxa. Jarraian, 'Itsasoko ondare bizia' panelen aurkezpena egingo da eta toka lehiaketari ekingo diote.

Arratsaldean haurrentzat jolasak egingo dira plazan eta jarraian Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia eszenatokian. Gauean, Zahagi ardoa festa izango da, Festa Batzordeak ardoa eta sagardoa jartzen du eta norberak afaria eramaten du, askotan hau ere ostatuan bertan hartzen dutelarik. Eta eguna borobiltzeko, Sukarra 37 taldearen kontzertua izango da.

Asteburua

Larunbatean bazkaldu ondoren elkartuko dira herritarrak berriro ohikoa den Mus Txapelketa ospatzeko, eta egun honetan ere Mendi Bizikleta trabesia aurrera eramango da, bertan jende ugarik parte hartzen duelarik. Trabesia amaitu eta arratsaldeko 19:30ak inguru, karpapean, paella lehiaketa herrikoia hasiko da. Bikote askok parte hartzen dute eta paella guztiekin gero afaria egiten da plazan; hau amaitu eta giro ederrean jarraitzeko, Maddalen Arzallus eta Juanjo Allur-ek emanaldia eskainiko dute.

Azkenik abuztuaren 26an goizeko 11:00etan meza ospatuko da hilerrian eta jarraian 'Artzantzak Aralarren azken 50. urte hauetan izan duen aldaketa' hitzaldia eskainiko du Fermin Leizaolak, Oriko Miguel Usabiagaren omenez. Ondoren, Herri kirolak izango ditugu, oraingoan ere herritarrak protagonistak izanik; eta arratsaldean, jaiei agur esateko, 'Handia' filmaren emanaldia aurrera eramango da, Itsasoko herriak bertan izan zuen parte hartzeagatik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos