Azoka eguna izango da bihar Bedaion

Eli Belauntzaran
ELI BELAUNTZARAN BEDAIO.

Dena prest dute bihar igandean Bedaion izango den azokarako. «Azaroak 4an Bedaion izango dugu. Gure baratzetako eta soroetako barazkiez eta fruituez baserriko animaliekin batera jai giroan, lagunartean, gozatzeko eta dasta- tzeko aukera», diote antolakuntza lanetan aritu diren Artubi elkarteko kideek.

«Bertan ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira hainbat produktu, adibidez, bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, garai honetan gure fruta arbolak eskaintzen dizkiguten intxaur, sagar eta gaztainak, piper erreak, ukenduak eta xaboiak, etxean egindako postre goxoak, gaztak ere protagonismoa izango du egun honetan eta bertako gazta erosteko aukera izango da», azpimarratu dute bedaioarrek. Gainera, «sagardoa nola egiten den azalduko digute dolare txiki baten bidez, sagar zukua dastatzeko aukera izango delarik». Baserriko animaliak ikusteko aukera izango da eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere», antolatzaileen esanetan.

Jakoba Errekondo bertan

Lehengo urteko arrakastaren ondorioz aurten ere, landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo izango da. Argitaratu berri duen Landareak lantzen gida liburua salgai izango du eta jendearen kezka eta jakin-minak asetzeko eta ezagu- tzak elkarbanatzeko aukera paregabea izango da. Azken urte hauetan jendearen parte hartzeak azokako gune garrantzitsua bilakatu du Erakustoki Txokoa. Aurtengo gaia argia izango da. Txoko hau artzain andre jantzien postuak atonduko du. Eta nola ez, gure gorputzak inguratu dituen garai honetako hotzari aurre egiteko, nahi duenak, taloa txorixo edo hirugiharrarekin, eta gaztaina erreak jateko aukera izango du aurtengo azokan.

Azoka erakustoki-saltoki gune bezala goizeko 10:00etan zabalduko da eta arratsaldeko 13:45ean bukatuko da, baina goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatuko duen bazkari batekin izango du amaiera. 20 euroren truk bertako babarruna dastatzeko aukera paregabea, horretarako, goiz osoan bazkarirako txartelak salgai egongo dira frontoian nahi duenarentzako eskuragarri. Ezin ahaztu urteroko zozketa berezia, azokako «zerga» berezian bildutako produktuez osaturiko zozketa paregabea.

Kontuan hartu behar ere autobusa ere izango dela Tolosa eta Bedaio artean. Goizeko 11:00etan Tolosako San Frantziskoko geltokitik abiatuko da, 11:15ean Alegiako eskoletako geltokian geratuko da, eta 11:25ean Ugarten egingo du azken geldialdia. Itzulikoan, arratsaldeko 13:30ean Bedaiotik aterako da dagozkion geldiuneak eginez Ugarten, Alegian eta Tolosako San Frantzisko etorbidean.

«Guzti hau ikusi, dastatu edo erosi nahi duenak, igandean hurbildu dadila Bedaiora. Eta ez ahaztu egun bateko erakustoki-saltoki izango den Bedaioko azoka edo beste hainbat herrietako azoken atzean, egun askotako lan, kutixi eta maitasunez beteriko duintasun handiko lana dagoela. Denon esku dago manten- tzea».

Artubikoek garbi dute «etorkizuneko lanpostuak oraindik ez omen dira sortu, etorkizuneko baratzak nolakoak izango ote dira, izango al dira? 4.0 teknologian murgilduta, 5.0 gizartea ate joka eta gure baserriak lur jota. Robotak izango al ditugu etorkizuneko baserritarrak? 5.0 gizarte horretan ze produktu izango ote dira bertakoak? Eta garaian garaikoak?» Galderak luzatu eta gero, bedaioarrek garbi dute «badugu oraindik oraingo gizarteak eutsi diezaiokegun altxor bat, udazkenean hainbat herritan antolatzen diren azoka txikien topagunea, alegia. Ekintza jasangarriak, bideragarriak, ekologikoak, parte hartzaileak, berdintasunezkoak, gertukoak eta gureak. Hitz potoloak eta esanahi handikoak eta gure ahotan jar- tzen ditugunean garrantzi gutxi hartzen dutenak. Gaur egungo edozein antolatzaile profesionalak bere produktua zabaltzeko bildu nahiko lituzken baloreak. Guk batean, denak elkartuak. Eman diezaiogun merezi duen garrantzia». «Ez dute produktu onaren nazioarteko saririk behar, saririk hoberena bertara hurbiltzen den jendea da, eta jendearentzako saria, bertako produktuak eta garaian garaikoak eskuratzeko aukera», gaineratu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos