Azken bi urteetan egindako lanaren balantzea egin du herriko Udalak

Herri Batzarra. Urtean zehar horrelako hiru hitzordu aurrera eramaten dira Itsason. /  ITSASO A.B.
Herri Batzarra. Urtean zehar horrelako hiru hitzordu aurrera eramaten dira Itsason. / ITSASO A.B.

Batzordeen bitartez egin den barne-harremanen lanketa, edo udalerrian egindako obra eta berrikuntzak aipatu zituzten, besteak beste

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Itsasoko Udala sortu zenetik pasa diren bi urteetako egitura birpasatu zuten apirilaren hasieran ospatutako Herri Batzarrean. Honetan, sei multzotan banatuta, aurrera eramandako zereginak gogoratu zituzten, zerrenda luze bat osatuz.

Zerbitzuen atala izan zen lehenengoa, bi urte hauetan zehar herrian bertan eskainitakoak gogoratu zituztelarik. Epe eta iraupen desberdinetarako Udalak sortu dituen lanpostuak zerrendatu zituzten honetan: administraria, herri langilea, gizarte langilea, garbitzailea, begiraleak, dinamizatzailea eta konposta guneko kudeatzailea, besteak beste.

Barne-harremanei dagokienez, herritarren parte hartzea ahalbidetu eta sortutako antolaketari ere lekua eman zioten bileran. Herri Batzarrei dagokienez, adibidez hiru izaten dira urtean zehar aurrera eramaten direnak, San Bartolomeko korupean, eta hauetaz gain, Alegian ere hiru bilera ospatzen dira urtean zehar. Bestetik, Itsason dauden batzorde desberdinak hamabostaldiro behin elkartzen dira herriko gai anitzak jorratzeko.

Sozio-kultural batzordean auzolanak, ikastaroak, formazio saioak, irakurle taldea, adinduen ariketa psiko-soziala, Korrika, udalekuak, edota Euskaraldia jorratzen dira. Bestetik, Komunikazio, Partaidetza eta Gardentasunerako batzordeak web-orria, WhatsApp taldea, posta elektronikoa, paperezkoa, informazio panelak, Twitter-a, edota Instagram-a kudeatzen ditu.

Azpiegitura eta Ingurumen batzordeak bi urte hauetan zehar egindako lana ere azpimarratu nahi izan zen batzarrean. Aipatutakoaren arabera, diru-laguntzen bidez ugariak izan dira gauzatutako berrikuntzak: herri bideak, udaletxeko obra, Alegiko bidegurutzea, Alegiako parkea, Bide berdea, konektibitatea, Goiko Ostatuko egituraren analisia, artxiboa, ubideen garbiketa, errepide nagusiko seinalitika, edo elizatariko argiteria. Bestetik, ordenantza eta baimenei dagokienez, EIT/ITE, pinudiak eta egurra ateratzeak, deskontaminazioa, zaborrak, zuntz optikoa edo lizentziak (baserri obretarako edo ustiaketarako) aipatu zituzten.

Harremanak

Herritarrekin lotura eta elkarlana bultzatzeko sortu diren talde eta batzarretaz gain, kanpoko erakunde, udalerri eta bestelako taldeekin ere harremanak landu izan direla gogoratu zuten batzarrean: Foru Aldundiarekin, Gabiria eta Ormaiztegiko Udala, Ezkioko Udala (Jarraipen Batzordea), Sasieta Mankomunitatea, Goieki, Herri Txikiak eta landa eremua, Siadeco, edota Ur Kontsortzioa.

Itsasoko Udalak erakunde edo taldeekin egin dituen hitzarmenak ere aipatu ziren: Foru Aldundia, Eliz junta, Gabiriako Udala, Alegiako Elkartea, Beasain eta Azpeitiko Udalekin.

Amaitzeko, egindako guztia aipatu eta etorkizunari begira, batzordeetan landutako edo aipatutako gaiak eta burutzeko prozesuan daudenak ere azaldu zituzten: parte-hartze prozesua -etxebizitza politika, eraginkortasun energetikoa, etab. barne-, herri bideak, Kizkitzako pagadia, kolunbarioa, argiteria publikoa, lursail publikoak erostea, udaletxeko -ganbara eta teilatua- eta Alegiako obren jarraipena -bulebarizazioa-.

Itsasoko Udala sortu zenetik egindako lan honetan guztian parte hartu eta bidelagun izateagatik, Josemari Barrenetxea ere gogoan izan zuten.