Aurtengo jaiak Pilota express txapelketarekin hasten dira

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Pilota express txapelketarekin hasiko dira Itsasoko San Bartolome jaiak, hilaren 23an arratsaldeko 18etan. Gutxi falta da San Bartolome festak hasteko, lau egunetan zehar ekintzez jositako egitaraua dakartelarik oraingoan ere. Lehenengo egunean pilota expres txapelketa eta ondoren Herri Afarian parte hartzeko aukera izango dugu herrian, honetarako ostatura aurretik deitu behar delarik 943 880 315 telefonora. Afaria Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariek, eta Onintza Enbeita eta Aitor Sarriegi bertsolariek girotuko dute.

Hurrengo egunean San Bartolome Eguna ospatuko da herrian: meza nagusia, 'Itsasoko ondare bizia' panelen aurkezpena, toka lehiaketa, haurrentzako jolasak,... Eta gauean, Zahagi ardoa festa eta Sukarra 37 taldearen kontzertua izango dugu.

Larunbatean, bazkaldu ondoren elkartuko dira herritarrak berriro ohikoa den Mus Txapelketan, eta egun honetan ere Mendi Bizikleta trabesia aurrera eramango da; jarraian, paella lehiaketa herrikoia hasiko da.

Igandean ere ekintza desberdinak aurrera eramango dira, hauekin aurtengo jaiei agur esanez: goizean meza hilerrian, eta 'Artzantzak Aralarren azken 50. urte hauetan izan duen aldaketa' hitzaldia eskainiko du Fermin Leizaolak, Oriko Miguel Usabiagaren omenez. Ondoren Herri kirolak izango ditugu. Eta arratsaldean 'Handia' filmaren emanaldia aurrera eramango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos