Aurtengo ehiza denboraldia bihar hasten da Ezkion eta Itsason

Postua. Sei postu andamioetan, eta beste guztiak lurrean. /  GALILEA
Postua. Sei postu andamioetan, eta beste guztiak lurrean. / GALILEA

Lehenengo zozketak gaur arratsaldean izango dira, Anduaga elkartean

GALILEA EZKIO.

Urtero bezala oraingoan ere ehizatzeko aukera izango dute ehiza zaleek Ezkio eta Itsasoko lurretan, lehenengo zozketak gaur arratsaldean aurrera eramango direlarik, aurtengoan ere hirurogei postu baino gehiagoetan egoteko aukera izanik.

Aurreko hilabete osoan lanean aritu dira Oreiña elkartekoak, ehiza postuak, bideak, aparkalekuak, eta behar diren guztiak garbitzen eta txukuntzen denboraldia hasterakoan dena prest egoteko. Aurreko urtetan bezala oraingoan ere 61 ehiza postu zozketatuko dira bi udalerriko lurretan: sei-zazpi bat postu andamioetan kokatuta daude eta beste guztiak lurrean.

Denboraldia gaur hasi eta bihartik aurrera ehizatzeko aukera egongo da bi herrietan, azaroak 11 arte.

Zozketak

Gaur arratsaldean hasi eta egunero, larunbatetan ez ezik, zozketak aurrera eramango dira Ezkioko Santa Lutzi auzoko Anduaga elkartean.

Arratsaldeko 20:00etan elkartu eta izena eman ondoren 20:30ean hasiko da zozketa. Gogoratzen da ostiraletan, larunbata eta igandeko postuak zozketatzen direla, beraz, larunbatetan ez da zozketarik aurrera eramango.

Urtero bezala zozketa hauetan parte hartzeko arma-lizentzia eta federatuta egotea beharrezkoak da.

 

Fotos

Vídeos