Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketa ikusgai museoko atarian

Egilea. Asier Gogortza, erakusketaren inaugurazioan azalpenak ematen. / GALILEA
Egilea. Asier Gogortza, erakusketaren inaugurazioan azalpenak ematen. / GALILEA

Uztailaren 18an inauguratu zen eta azaroaren 4ra arte izango dugu ikusgai Igartubeitin

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketa uztailaren 18an inauguratu zen Igartubeiti Baserri Museoan, hau interpretazio zentruko kanpokaldean kokatzen delarik, eta azaroaren 4ra arte ikusgai egongo da bertan, hogei bat argazkiz osatutako erakusketa honen formatua berezia suertatzen delarik.

Asier Gogortzaren 'Mendebalde' erakusketak ikuspegi berrien bitartez, baserrira hurbiltzera gonbidatzen gaitu, honen aukera estetiko eta pertsonaletik abiatuz, Euskal Herriko toki ezberdinetako baserrien 22 argazkiz osatutako multzoa erakusten digularik.

Erakusketaren argazkiek baserrien mendebaldeko pareta erakusten digute, kasu gehienetan hutsa, lehio edota aterik gabekoa. «Baserri tradizionalak ekialdera begira eraikitzen ziren, atzeko pareta mendebaldean kokatuz. Horrela, eguzkiaren beroa eta argia aprobetxatzen zuten, eta aldi berean ere fatxada babesteko erabiltzen zen. Mendebaldeko pareta itsu geratzen zen. Azkeneko 50 urtetan asko aldatu da hau eta gaur egun baserriak errepideei begira eraikitzen dira», azaltzen zuen egileak aurkezpenean.

Erakusketako baserriak Euskal Herrikoak dira, Bizkaian hasi eta Lapurdiraino eta honetan fatxaden berezitasunak irudikatu nahi izan dira: paretak nola sufritzen duten ikusten da, etxe baten arrastoa...

'Mendebalde' erakusketa Igartubeitiko Interpretazio Zentruko atarian kokatuta dago, kartelak balira bezala argazkiak paretan itsatsita daude korridorean zehar eta pareko horman azalpenak daude.

«Argazki hauek egiteko orduan iparrorratza erabili da, baserrien mendebaldeko fatxadak bakarrik erretratatu direla egiaztatzeko. Eguraldiak eta denborak apaindutako horma soil eta sendo horiekin osatutako katalogoa da lan honen emaitza», diote Igartubeititik. Erakusketa azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai.

 

Fotos

Vídeos