Arteaz gozatzeko aukera bikaina museoan

Artea. Koloreak eskuetan arte lan erraldoi eta izugarria osatu zuten parte hartzaile guztien artean. /  IGARTUBEITI
Artea. Koloreak eskuetan arte lan erraldoi eta izugarria osatu zuten parte hartzaile guztien artean. / IGARTUBEITI

Guztira berrogei lagunek parte hartu zuten azken honetan; martxoan ere bi tailer desberdin aurrera eramango dira bertan

GALILEA EZKIO.

Ugariak dira Igartubeiti Baserri Museoak familiei eskaintzen dizkien ekintzak eta azken larunbatean arteaz gozatzeko aukera zabaldu zien hauei, ederki pasatu, eskuak bapo zikindu eta guztiek elkarrekin artelan erraldoia sortu zutelarik.

Arrakasta handiko tailerrak izaten dira orokorrean Igartubeitikoak, baina aurreko asteburukoa azpimarratzekoa dela esan daiteke, honetan guztira 40 lagunek parte hartu baitzuten. Mantalak edo arropa zaharrak soinean, 25 haur eta 15 gurasoek parte hartu zuten arteaz gozatzeko tailerrean, elkarrekin ederki pasatuz.

Arte lantegia bihurtu zen larunbata arratsaldean Interpretazio zentroa: paretan mural bat egiteko aukera egon zen eta zorua papel marroiaz forratuta, irudimena libre utzi eta koloreekin jolasteko aukera eman zitzaien txiki eta handiei. «Arropa zaharra soinean, koloreekin esperimentatu genuen.

Norberaren adierazpen libretik abiatuta hiru dimentsiotako arte lan erraldoia sortu genuen. Lurra, paretak... gure gorputza erabiliz forma eta kolorez bete genuen guztia. Ederki pasatu genuen jolasten!», azaltzen dute Igartubeititik.

Tailer berriak

Martxoa bihar hasiko da eta hilabete honekin batera ere bi tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute haur eta familiek. Lehenengo aukera hilaren 10ean izango da 'Naturarekin margotuz' tailerrarekin; eta bigarrena, martxoaren 24ean, 'Gorputzak gara' tailerran parte hartzeko aukera eskainiko dutelarik.

 

Fotos

Vídeos