'Areago. Istorioak belarrietara' kontakizun laburren edizioa abian

Areago. Bosgarren edizioan parte hartzeko aukera zabalik dago dagoeneko. / IGARTUBEITI
Areago. Bosgarren edizioan parte hartzeko aukera zabalik dago dagoeneko. / IGARTUBEITI

Lanak aurkezteko epea datorren ekainaren 14an amaituko da; 18 urte beharko dira lehiaketan parte hartu ahl izateko

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Igartubeiti Baserri Museoak eta Kutxa Ekoguneak 'Istorioak belarrietara' kontakizun laburren V. edizioaren deialdia egin dute. Deialdi honek idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea du helburu, honakoan haur ipuinen generoa bereziki bultzatuz. Gainera, egitasmo honek kultur ondarearen inguruko lan modu berriak zabaldu eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzea du xede.

Aurtengo deialdirako aukeratutako gaia baserria eta paisaia da. Aurkezten diren kontakizunek gai hau jorratu beharko dute.

«Baserria bere inguruko paisaiaren zati da, are gehiago, ingurune hori horrela izatearen eragile ere bada. Izenak berak ere halaxe dio: baserria = basoko herria. Baserriak, eta mende luzez bertan egin den bizimoduak lotura zuzena izan dute bere inguruko paisaiarekin. Bere bizimoduaren oinarria izan baita. Naturaren zikloetan oinarrituz, baserriko lanen bitartez baserriak inguratzen duen eremu natural horri forma, izena eta izana eman dizkio, gizakia eta naturaren arteko sare sendoak eraikiz. Hau da, gaur gure bazterretan dauden larre, pinudi, garo-sail, sagasti, harizti eta abarren atzean gizakiaren eskua dago, baserria dago, baserritarra dago», azaltzen dute Igartubeititik.

Gizartea aldatu ahala, baserriak bere bizimoduan bertan ere eraldaketa nabarmena jasan du, industria, nekazaritza eredu berriak, azpiegitura berri (garraiobide sare berriak) eta teknologia berrietara egokituz eta hauekin bizitzen ikasiz, honela gaurko paisaia berriak sortuz.

Hala eta guztiz ere, etorkizuneko paisaiari begira, baserriak gizakiaren eta natur-paisaiaren arteko ezinbesteko zubia izaten jarraitzen duela gogoratzen dute baserritik. «Eta mendeetan zehar baserrietan bilduriko jakintza guzti hori gaur egun gure herri eta hiri inguruneetan dauden baratze ekologikoetan ikus dezakegu, ingurunearekiko jarduera jasangarri modura. Beraz, hortxe dauzkagu gure baserri zaharren aztarnak gaurko paisaia berrietan. Hauek dira, besteak beste, lehiaketako kontakizunetan jorratu daitezkeen arloetako batzuk», azaltzen dute.

Ezaugarriak

Kontakizunak euskaraz idatziak izan behar dute, 8-12 urte bitarteko haurrei zuzenduak eta gutxienezko bi orritako eta gehienezko hiru orritako luzapena izan (1.000 hitz gutxigorabehera). Parte hartzaileek 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte.

Kontakizunak jasotzeko epea zabalik dago eta ekainaren 14an amaituko da. Parte hartzeko beharrezkoa den dokumentazioa posta elektronikoz (igartubeiti@gipuzkoa.eus) edo arruntez bidali daiteke ekainak 14ko 19:00ak baino lehen, ondorengo helbidera: Igartubeiti Baserri Museoa, Ezkio bidea 1. Km, 20709 Ezkio (Gipuzkoa).

Hiru sari banatuko dira aurtengoan: lehen saria 450 eurokoa izango da; bigarrena 250 eurokoa; eta hirugarrena nekazaletxe batean egonaldia. Interesatuek edozein zalantzaren aurrean honako kontaktura jo dezakete: igartubeiti@gipuzkoa.eus.

Beste aldetik, Kutxa Ekogunea etorkizun jasangarriago bat lortzeko makina bat ideia proposatzen dituen parkea da. Kutxa Fundazioak bultzatuta, bere misioa kontzientziaziotik ekintzara igarotzeko bidea erraztea da, hezkuntza, aisia eta berrikuntzaren bitartez. Aldi berean, herri eta eskualdeetan aliantza bidezko proiektuak sustatzen ditu beste erakundeekin batera jasangarritasunaren sarea josiz, oraingo honetan Igartubeiti Baserri Museoarekin egiten duen moduan.

Nekazaritza arloan proiektu desberdinak gauzatu ditu ekintza propio gisa edota kolaborazioan, hala nola Baratze Parke Sarea, Baratze Eskola, Urrulloko agroaldea, Ekolapiko, Garaiko APP-a, Ingurumen Hezkuntza eta abar.