Los Arcos eta Kodesera bisita, aurtengo herri irteerako plana

Itsaso. Nafarroako Itsaso ezagutzera joan ziren Gipuzkoako itsasoarrak orain dela bi urte, aurrekoan beraien bisita jaso genuelarik herrian./
Itsaso. Nafarroako Itsaso ezagutzera joan ziren Gipuzkoako itsasoarrak orain dela bi urte, aurrekoan beraien bisita jaso genuelarik herrian.

Bihar joango dira, aurtengo irteera honetan 59 lagunek parte hartuko dutelarik; belaunaldi guztiak barne

MIRYAM GALILEAITSASO.

Badira bi urte Nafarroako Itsaso ezagutzera abiatu zirela gure itsasoarrak, herriko txokoak, jendea, eta giroaz disfrutatzeko aukera bikaina izan zutelarik izen berdina duen herri honetan. Eta bisita honen jarraipena aurreko urtean izan zen, orduan Nafarroako itsasoarrak bertara etorri zirelarik gure herria eta bere txoko bereziak ezagutzera. Urtero, Itsasorekin erlaziorik duen herri bat aukeratu eta bisitatzeko txangoa antolatzen da herrian, eta oraingoan Nafarroako Los Arcos-era joango dira bihar izango den txangoan.

Dena prest dago biharko eta gogoz eguna iristearen zai daude itsasoarrak. «Txango honetan belaunaldi guztiak bildu dira eta 59 itsasoarrek parte hartuko dute bidaitxoan», diote antolatzaileek. Bihar goizeko 9:15etan Alegitik abiatu eta arratsaldeko azken orduan itzuliko dira herrira.

Esan bezala, aurtengo herriko irteera Nafarroako Los Arcos eta inguruetara antolatu dute. «Izan ere, Los Arcos herriak badu loturarik Itsasorekin. Bertako plazarik ederrenean armarri bikaina dago kokatua, Itsaso Goyena jauregiko jatorria duen familiarena», azaltzen dute.

Egitaraua

Goizeko 9:15etan izango da irteera bihar, autobusa Alegiako beheko taberna zenaren paretik irtengo delarik. Espero denez 10:45ak inguru iritsiko dira Los Arcos-era eta bertan plaza, armarria eta eliza ikusteko aukera izango dute bisita gidatu bati esker. Eguerdi partean Fernández de Arcaya bodegara bisita eta ardo kata aurrera eramango da, honekin batera ere pintxo batzuk janaz, eta 13:45etan Kodes-eko Santutegira igoko dira parte hartzaileak, eta paraje ikusgarria ezagutzeko aukera izango dute. Bazkaria bertan izango da, Kodes-eko Hospederian eta bazkal ondoren, Circuito de Navarran, Atalaya Center ezagutuko dute, atsedenalditxo bat eginez. Itzulera arratsaldeko 20:00-20:30ak aldera izango da.

Urriko besteak

Udazkeneko egitaraua zabaldu du herriko Udalak dagoeneko eta urrian beste bi ekintza berezi izango dira herrian. Hasteko, urriaren 26an, udazkeneko Auzolana aurrera eramango da herriko gune desberdinetan. Beti bezala Itsason izango da elkargunea, taldeak egin eta bertatik abiatuko direlarik. Bestetik, urriaren 27an Herriko Batzarra ospatuko da Alegian eguerdiko 12:00etan, Elkartean.