Aisialdiko Begirale izateko ikastaroa urrian hasiko da

MIRYAM GALILEAALTO UROLA.

Urritik aurrera Aisialdiko Begirale izateko ikastaroa aurrera eramango da beste behin ere gure bailaran, aurrekoetan bezala Legazpin izango delarik. Honetan parte hartzeko aukera zabalik jarraitzen du, interesa duten 18 urtetik gorako gazte guztientzat. Epea irailaren 13an, edo dauden plaza libreak betetzen direnean itxiko da.

Eusko Jaurlaritzako 'Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea'titulua lortzeko Urtxintxa aisialdi eskolak emango duen ikastaro hau 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu, eta euskaraz izango da. Ikastaroa Legazpiko Kultur etxeko areto nagusian egingo da, urrian hasi eta maiatzera bitartean: guztira 19 larunbatetan elkartuko dira 9:00etatik 15:00ak bitartean; Gabonetako lau egunetan (goizeko 9:00etatik 15:00rak arte); eta baita otsaileko asteburu batean ere, Pasaiako Arrokaundieta aterpetxean egongo dira.

Ikastaroaren matrikula 445 eurokoa da. Ordainketa bi zatitan egiteko aukera eskaintzen zaie parte hartzaileei. Matrikula egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa ondorengoa izango da: aisialdiko Begirale ikastarorako izena emateko orria eta NANren kopia.

Matrikulazioa irailaren 13ra arte -edo plazak bete arte- egin daiteke, Legazpiko Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Bulegoan, goizeko 7:30etik arratsaldeko 15:00etara.