Baserriak gozotasunez jaso ditu lanak

Haria Galtzen. Erakusketaren inaugurazioa larunbatean izan zen eta bertaratutako artistek beraien lanak azaldu zituzten. /
Haria Galtzen. Erakusketaren inaugurazioa larunbatean izan zen eta bertaratutako artistek beraien lanak azaldu zituzten.

MIRYAM GALILEA

Artista talde ederra elkartu eta larunbatean eguerdian 'Haria galtzen' erakusketa berria inauguratu zen Igartubeitin, zazpi artista hauen lanak interpretazio zentruan eta baserrian zehar kokatzen direlarik.

Urriaren 1a arte ikusgai egongo den erakusketa honek zuntza adierazpen artistiko gisa aldarrikatzen du, ikuspuntu berrietatik, historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua ezagutzera emateko aukera ere eskainiz.

'Haria galtzen' Cristina-Enean izan zen ikusgai 2016ko abenduan, oduan hamahiru artisten lanekin. Igartubeitin erakusketaren ikuspegi berri bat eta berrinterpretazio bat eskaintzen da, testuinguru berri batean eta elementu berriak txertatuz. Beraz, inauguratu berri den «Haria galtzen» erakusketa osatzen duten zazpi sortzaileen lanak ditugu ikusgai: Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarretaren lanak erakusten dituen erakusketa kolektiboa da. Artista hauek, beraien artelanen bitartez, gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian.

Kizkitza Ugarteburu, Igartubeitiko koordinatzaileak inaugurazio hitzak esan ondoren, baserrira gerturatu eta han, zuzenean, artistek beraien lanak azaldu zituzten. Artelanak baserriko gune desberdinetan erakusten dira eta uztartzen dira Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek burutzen zituzten lanekin eta zereginekin. «Baserria ikaragarria da, oso aproposa; artelanek bere lekua topatu dute hemen», zioten artistek liluraturik.

«Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du. Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu. Horrela, zuntz hauekin sorkuntzak egiteko erabili daitezkeen teknika ezberdinak erakusten ditu: irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigin-tza teknikak, enfeltratuak, brodatuak, tinteak eta abar», azaltzen dute Igartubeititik.

Artista hauen artelanaz aparte, Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetako eta Gordailuan, Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan babestutako ehungintzarekin erlazionatutako piezen bilduma ere dago ikusgai Interpretazio zentruan, bertan goruak, ezpatak eta ardatzak bezalako tresnak/lanabesak ikusi daitezkelarik. Hemen ere Haria Galtzen erakusketako zazpi artisten argazkiak eta hau guztia biltzen duen bideoa ere dago ikusgai.

Erakusketa bisitatzeko ondorengo ordutegia dago: asteartetik larunbatera, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak arte; igandetan berri, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte.